Itxi

Futbola

Bideoarbitrajea

ETBk eta Ligak VAR sistema probatuko dute Amorebieta-Athletic partidan

EITB.EUS

Norgehiagoka ostegun honetan, hilaren 19an, jokatuko dute Urritxen, 18:00etatik aurrera.

  • Bideoarbitrajea Errusiako Munduko Txapelketan erabili dute. Argazkia: EFE

    Bideoarbitrajea Errusiako Munduko Txapelketan erabili dute. Argazkia: EFE

Ostegun honetan Amorebieta eta Athletic taldeek jokatuko duten lagunarteko partidak protagonista berezi berri bat izango du: VAR edo bideorbitraje sistema. Izan ere, Euskal Telebista eta Ligaren arteko lankidetzari esker norgehiagoka zuzenduko duen epaileak teknologia berri hori erabili ahal izango du.

Partida Urritxe futbol zelaian jokatuko da 18:00etatik aurrera, eta ETB1ek zuzenean emango du.

Espainiako Futbol Federazioak joan zen astean iragarri zien Amorebietako arduradunei Athleticen aurkako partida aprobetxatu nahi zuela VAR teknologia berria probatzeko, abuztu bukaeran hasiko den Liga txapelketan ezarriko delako.

Tarte horretan, Euskal Telebista eta Mediapro elkarlanean aritu dira VAR martxan jartzeko beharrezkoa den sistema teknikoa diseinatzen. Horrela, mota horretako partidetan erabili ohi dituen kamera kopurua baino bi gehiago jarriko ditu ETBk (guztira sei), eta Mediaprok bigarren unitate mugikorra gaituko du, eta laugarren epailea egon ohi den inguruan monitoreak jarriko ditu.

Horrenbestez, Amorebietaren eta Athleticen arteko lehian, Frantziak irabazi berri duen Munduko Txapelketan erabili diren arau berak erabiliko dira. Epailea Lehen Mailakoa izango da, eta partida geldiaraziko du araudi berriak ezartzen dituen egoeratan, zalantza duenean edo monitoreetan irudiak begiratzen dituen epaile taldeak eskatzen dionean, irudiak ikusi ahal izateko.

Aipatutako partidaz gain, ETBk, momentuz, beste bi lagunartekotan jarriko du martxan bere logistika VAR teknologiaren mesedetan: batetik, Realak eta Eibarrek ostiral honetan Ipuruan jokatuko duten partidan (20:00); eta, bestetik, Athleticek eta Realak abuztuaren 4an lehiatuko duten II. Euskal Herria Txapelaren finalean. Neurketa Irungo Stadium Gal zelaian izango da, 18:15etatik aurrera.