Futbola
Libertadores Kopa
Boca-River finaleko bi partidak zale bisitaririk gabe jokatuko dira
Erredakzioa
Argentinako Futbol Federazioak jakinarazi duenez, Libertadores Kopako finaleko joaneko eta itzuliko partiden ordutegiak aurreikusitakoa baino ordubete beranduago hasiko dira.
-
River Plateko jokalariak, Libertadores Kopako finalerako sailkapena ospatzen. Argazkia: EFE
Libertadores Kopako finaleko bi partidak, joanekoa eta itzulikoa, azaroaren 10ean eta 24an jokatuko dira, Argentinako 17:00etan (21:00etan Espainiako penintsula barruko ordutegian), Daniel Angelici Boca Juniorseko presidenteak eta Rodolfo D'Onofrio River Plateko presidenteak jakinarazi dutenez.
Gainera, bi neurketak zale bisitaririk gabe jokatuko direla baieztatu dute. Argentinako Futbol Federazioko agintari nagusia den Claudio Tapiak irakurri du Angelicik eta D'Onofriok sinatutako komunikatua.
"Final honek Argentinan eta nazioartean duen erakargarritasunaren zati bat da bi taldeetako zaleak bi estadioetan ikustea, baina estadio bakoitzean etxeko zaleak bakarrik egotea erabaki da, bazkideei eragin ahal zaizkien eragozpenak direla eta, segurtasun kontuengatik edukiera murriztu beharko bailitzateke", irakurri daiteke komunikatuan.
Angelicik eta D'Onofriok eskertu egin nahi izan diote Mauricio Macri Argentinako presidenteari, finaleko partidetan bi taldeetako zaleak egoteko egin duen ahalegina. Zaleei finala "suhartasunarekin, baina bakean" bizitzeko deia egin diete Bocako eta Riverreko presidenteek, eta gogorarazi nahi izan diete "bi taldeak aurkariak direla, eta ez etsaiak".
Bomboneran, Bocaren estadioan, jokatuko da joaneko partida larunbat honetan (17:00etan Argentinako ordutegian, 21:00etan Espainiako penintsula barruko ordutegian). Itzuliko partida Monumentalean jokatuko da, Riverren estadioan, ordu berean, azaroaren 24an.