Itxi

Futbola

Ofiziala

Venezuelako Federazioak Dudamel hautatzaile karguan mantentzea erabaki du

Erredakzioa

Rafael Dudamelek kargua Venezuelako Futbol Federazioaren esku jarri zuen, baina Federazioak berretsi egin zuen, eta hautatzaileak onartu egin du berronespena.

  • Rafael Dudamel. Argazkia: EFE

    Rafael Dudamel, aginduak ematen Euskal Selekzioa - Venezuela partidan. Argazkia: EFE

Venezuelako Futbol Federazioak jakinarazi duenez, Rafael Dudamelek jarraitu egingo du vinotinto selekzioa zuzentzen. Hautatzaileak Federazioaren esku jarri zuen kargua, Argentinaren aurka Wanda Metropolitanon jokatu beharreko partidaren aurretik sortu zen polemikagatik.

"Rafael Dudamel hautatzaileak onartu egin du Venezuelako Futbol Futbol Federazioak martxoaren 29an, ostiralean, erabaki zuen berrespena", azaldu du Federazioak komunikatu ofizial baten bitartez.

Martxoaren 22an, Venezuelak irabazi egin zion Argentinari (3-1) Madrileko Wanda Metropolitano estadioan. Neurketaren osteko prentsaurrekoan, Dudamelek salatu egin zuen Antonio Ecarrik selekzioari egindako bisita politizatu zuela Guaidoren Gobernuak. Ecarri, Guaidok izendatu zuen Venezuelako enbaxadore, Espainian. Rafael Dudameli ez zitzaion gustatu Ecarriren bisita politizatzea, eta hautatzaile kargua Venezuelako Futbol Federazioaren esku jarri zuen.

Dudamelek, 2016ko apirilean hartu zuen Venezuelako selekzioa zuzentzeko ardura, eta hautatzaile karguan jarraituko du. Vinotinto selekzioak dituen helburu hurbilenak dira, 2019ko Amerikako Kopa eta 2022ko Qatarreko Munduko Txapelketa.