Itxi

Futbola

Primera Iberdrola

Gimbert baja izango da 88 neurketa jarraian jokatu eta gero

AGENTZIAK | EEREDAKZIOA

Athleticek Tenerifen jardungo du igande honetan (13:00); Reala, berriz, Sevillan arituko da, larunbatean (12:00).

  • Vanesa Gimbert

    Vanesa Gimbert. Argazkia: ETBren bideo batetik ateratako argazkia

Vanesa Gimbert Athleticeko jokalaria ez da izango bere taldekideekin batera igande honetan, Primera Iberdrolako 8. jardunaldian, Granadillaren kontra jokatuko duten lehian, giharretako minak jota baitago. Ondorioz, eten egingo da bata bestearen atzetik jokatu dituen 88 neurketen segida.

Gimbertek (39 urte) 2016ko azaroaren 20an ekin zion marka horri, Bartzelonaren aurka Lezaman jokatutako partidan. Orduko hartan, bigarren zatian zelairatu zen, eta, geroztik, parte hartu duen 87 neurketetan titular gisa jardun zuen.

Gainera, 2017-18 eta 2018-19 denboraldietan jokatutako 60 partidetan hasi eta buka aritu zen. Hori gutxi balitz bezala, aurtengo denboraldian, Levanteren aurkako azken 17 minutuak bakarrik utzi ditu jokatu gabe. Lehenengo jardunaldian izan zen hori.

"Giharretako minekin ibili da azken astean, eta atseden har zezala nahiago izan dugu. Ehuneko ehunean ez egoteko hobe da itxarotea", azaldu du Angel Villacampa Athleticeko entrenatzaileak.

Jardunaldi honetan honako hauek izango dira euskal taldeek jokatuko dituzten partidak:

Azaroak 2, larunbata

Sevilla - Real Sociedad (12:00)

Txuri-urdinek Zubietan Atletico Madrilen aurka (1-4) jasotako azken porrotaren zapore mingotsa gainetik kentzeko asmoarekin egingo diote aurre Sevillaren kontrako  neurketari. Andaluziarrek sei puntu dituzte, bi partida besterik ez baitituzte irabazi orain arte, biak etxean eta markagailu berarekin (4-0): Granadillaren aurka (1. jardunaldia) eta Espanyolen aurka (6. jardunaldia).

Azaroak 3, igandea

Granadilla - Athletic Club (13:00)

Denboraldiari gorabeherekin ekin ostean, ibilbidea zuzentzen ari dira zuri-gorriak, eta laugarren garaipena jarraian kateatu nahi dute Granadillaren aurka.