Itxi

Futbola

Primera Iberdrola

ACFF eta AFEk adostasunik gabe jarraitzen dute, baina 'atzo baino gertuago dago'

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Hala adierazi du David Aganzo Espainiako Futbolarien Elkarteko presidenteak, osteguneko bileraren ostean. Alderdi guztiak astelehenean batzartuko dira berriz.

  • Primera Iberdrolako jokalariak grebara deitu zutenean

    Primera Iberdrolako jokalariak grebara deitu zutenean. Argazkia: EFE

Primera Iberdrola Ligan azaroaren 16rako eta 17rako aurreikusita dagoen grebak bere horretan jarraitzen du momentuz. Izan ere, ez da akordiorik egon ostegun honetan Emakumezkoen Futboleko Kluben Elkarteak (ACFF) eta Espainiako Futbolarien Elkarteak (AFE), Kirol Kontseilu Nagusiaren bitartekaritzarekin, izan duten bileran.

Alabaina, konponbidea gertu egon daitekeela dirudi, eta hala adierazi du David Aganzo AFEko presidenteak osteguneko bileraren ostean: "Atzo baino gertuago dago", iritzi dio Aganzok.

Egunean zehar bi bilera izan dira. Goizekoa 12:00etan hasi da, eta ia 5 ordu iraun du. Bertan, agerian geratu da Espainiako Federazioak baztertu egiten duela Mediaprok egindako proposamena. Mediaproren eskaintzaren asmoa zen klubek 1,5 milioi euro eskuratzea Federazioak emakumezkoen futbolerako bideratzen dituen funtsetik.

Trukean, Mediaprok astero bi partida emateko eskatzen zuen, GOL kanaletik eskainiko zituenak. Federazioak, ordea, uko egin dio ideia horri, eta bere proposamena aurkeztu du.

Proposamen horren arabera, Federazioak 1.152 milioi euroko poltsa jarriko luke, AFEren eskakizun ekonomiko guztiak bermatuta gera daitezen. Eskakizun horiek honako hauek dira: 16.000 euroko soldata, % 75eko partzialtasunarekin, horrek 12.000 euroko benetako kopurua ekar dezan. Klubek, ordea, % 50eko partzialtasuna besterik ez zuten eskaintzen.

Ordainean, Federazioak akordio bat nahi du Primera Iberdrolako norgehiagoka guztiak etxeko taldeak kontratatuta daukan kasuan kasuko operadoreak eskain ditzan.

Ikus-entzunezko gatazka horren oinarrian Bartzelonak, Athleticek eta CD Taconek euren eskubideak Mediaprori utzi ez izana dago.

Aganzo: "Bat-batean dirua agertu da leku guztietatik"

Bilera horren amaieran, David Aganzok hitz egin du, eta AFEko presidentearen esanetan, emakumezkoen futbolaren lehen hitzarmen kolektiboa "atzo baino gertuago dago", behin greba deituta "dirua agertu delako leku guztietatik", klubek jokalarien eskaerak beren gain har ditzaten.

Aganzok begi onez ikusi du ACFF elkarteak hartutako erabakia, hau da, Federazioaren Elite Programara atxikitzen saiatzea. Horri esker, lehen mailako klub bakoitzak federaziotik eratorritako 500.000 euroko funtsa eskuratu ahal izango du.

Federazioa eta klubak datozen egunetan "ados jartzea" espero du AFEko presidenteak, akordiorako bidean beharrezko urratsak eman daitezen.

Dena dela, alderdi guztiak berriro bilduko dira datorren astelehenean, azaroaren 11n, 18:00etatik aurrera.