Itxi

Futbola

Ofiziala

Manchester Cityk Lillo fitxatu du Guardiolaren laguntzaile izateko

Erredakzioa

Klubak ofizial egin du euskal teknikariaren fitxaketa. Juanma Lillok zuzendu duen azken taldea, Qingdao Huanghai, Txinako Bigarren Mailako txapelduna izan da, eta taldea Superligara igotzea lortu du.

  • Lillo eta Guardiola

    Juanma Lillo eta Pep Guardiola Almería-Bartzelona partida baten. Artxiboko irudia. Argazkia: EFE

Manchester Cityk Juanma Lillo fitxatu du Pep Guardiolaren laguntzailea izateko. Klubak astearte honetan egin du ofizial tolosarraren fitxaketa. Lillo Txinako Qingdao Huanghai taldea zuzentzetik dator, Bigarren Mailako txapelduna izan da eta taldea Superligara (Lehen Maila) igotzea lortu du.

"Oso pozik nago Manchester Cityko talde teknikoko kidea naizelako. Pepekin dudan harremana duela aspalditik dator, eta pozarren nago talde bikain honetara natorrelako", esan du Lillok.

"Azken urte hauetan, Manchester Cityk titulu asko irabazi ditu, eta joko bikaina azaldu du, klub honetaz eta bere entrenatzaileaz itxaroten dena betez. Plazera da talde honetako kide izatea, eta laguntzea espero dut", gaineratu du tolosarrak.

Entrenatzaile gisa, Vissel Kobe, Atletico Nacional, Millonarios, Reala, Almeria, Zaragoza eta Tenerife taldeak zuzendu ditu Lillok, eta bigarren entrenatzaile kargua izan zuen Sevillan eta Txileko selekzioan.

Manchester City Premier Leagueko bigarren postuan dago, eta 2019-2020 denboraldian Ligako Kopa irabazi du. Gainera, Cityk FA Cupeko final-laurdenak jokatu behar ditu, baita Txapeldunen Ligako final-laurdenetako itzuliko neurketa ere, Real Madrilen aurka (aldeko 1-2ko emaitza du).