Itxi

Futbola

Women’s Champions League

Emakumezkoen Txapeldunen Ligako 8ko final-fasea Donostian eta Bilbon jokatuko dute

Agentziak | Erredakzioa

Final-laurdenetako eta finalerdietako partidak Reale Arenan eta San Mamesen jokatuko dituzte, abuztuaren 21etik aurrera. Finala Donostian izango da, abuztuaren 30ean.

  • Finala Reale Arenan jokatuko dute, abuztuaren 30ean

    Finala Reale Arenan jokatuko dute, abuztuaren 30ean. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia.

Emakumezkoen Txapeldunen Liga Donostian eta Bilbon erabakiko da; izan ere, final-laurdenetarako sailkatuak diren zortzi taldeek 8ko Finala jokatuko dute, Reale Arenan eta San Mamesen. Finala Donostian izango da, Reale Arenan, abuztuaren 30ean, 20:00etan.

UEFAko Batzorde Exekutiboak asteazken honetan zehaztu duenez, 2019-2020ko Txapeldunen Ligak partida bakarrean egingo ditu azken bi kanporaketak, alegia, final-laurdenak eta finalerdiak, bai eta finala ere (azken hori aurreikusita zegoen, denboraldia hasi aurretik). Neurketa horiek guztiak Bilbon eta Donostian jokatuko dituzte, abuztuaren 21etik 30era arte.

Final-laurdenak hauek izango dira: Atletico Madril-Bartzelona, Olympique Lyon-Bayern Munich, Glasgow City-Wolfsburg, eta Arsenal-Paris Saint-Germain.

Hasiera batean, aurreikuspena zen kanporaketa horretan eta finalerdietan joaneko eta itzulerako partidak izatea, baina emakumezkoen Txapeldunen Liga atzeratu behar izan zuten, koronabirusaren pandemiagatik, eta formatua ere aldatzea erabaki dute.

Final-laurdenak abuztuaren 21ean eta 22an jokatuko dituzte; finalerdiak 25erako eta 26rako zehaztu dituzte, eta finala, arestian bezala, abuztuaren 30ean izango da.

Espainiako Futbol Federazioak ostegunean emango ditu xehetasun gehiago partida horien gainean; izan ere, 12:30erako, ekitaldia antolatu dute, Rozaseko Futbol Hirian.

Halaber, UEFAk azaldu du ekainaren 26an zozkatuko duela, Nyonen, Txapeldunen Ligako neurketen ordena, zehazteko zein egoitzatan jokatuko duten partida bakoitza.

Partidetan, gehienez bost aldaketa egin ahalko dituzte, eta ezin izango dute fitxaketa berririk inskribatu.