Itxi

Futbola

TV3n egindako adierazpenak

Bojan: 'Guardiolak Barçan jarraitu artean ez nintzateke itzuliko'

Andoni Beldarrain

Erredakzioa

TV3 Kataluniako Telebistako 'El convidat' saioan egin zituen adierazpen hauek Bartzelonako harrobiko jokalariak. Ez dela Guardiolaz fidatzen ere aitortu zuen.

  • Bojan Krkic AS Romarekin sartutako gol bat ospatzen. Argazkia: EFE

Bojan Krkic AS Roma taldean jokatzen ari da Bartzelonak talde italiarrari bi urterako utzi baitio jokalaria. TV3 Kataluniako Telebistako 'El covidat' saioan kontu asko argitu zituen eta Pep Guardiolaren aurkako adierazpenak ere egin zituen.

"Wembleyn jokatu zen Txapeldunen Ligako finaletik ez dut Guardiolarekin hitz egin. Banekien ez nuela jokatuko, baina gauzak ondo eginda ere ez nuela jokatuko argi zegoen. Ikustezina nintzen Guardiolaren begientzat" esan zuen Bojanek.

Bartzelonako entrenatzaileak berarekin izandako tratuaz honakoa argitu zuen jokalariak: "Ez ninduen gainontzekoak bezala tratatu. Ez zen tratu txarra izan, baina gauza bat da ez jokatzea eta beste gauza bat taldearen parte ez sentitzea".

Bojanek AS Romara joan orduko ere ez zela Guardiolaz agurtu baieztatu zuen: "Nirekin ondo portatu zen jendea agurtu nuen, Pep ez nuen agurtu".

Gaur egun Guardiolak Bartzelonara itzultzea eskainiz gero, ez zela itzuliko dio Bojan Krkicek: "Denboraldi on bat egin eta Guardiolak Bartzelonara itzultzeko eta jokatuko dudala esanez gero, beragan konfiatzea kostatuko litzaidake. Uste dut ez nintzatekeela itzuliko bera egon artean jokalari moduan ez baitut ondo pasa berarekin. Ez litzateke erabaki egokiena izango Guardiolaren aginduetara itzultzea".