Itxi

Futbola

UEFAren esanetan

Superligan parte hartzen duten jokalariek ezingo dute euren selekzioekin jokatu

A. A. | EITB MEDIA

Hala adierazi du Aleksander Ceferin UEFAko presidenteak. Halaber, Superligaren proiektua "lotsagarria eta berekoia" dela iritzi dio.

  • UEFAren logotipoa Nyongo egoitzan.

    UEFAren logotipoa Nyongo egoitzan. Argazkia: EFE

Aleksander Ceferin UEFAko presidenteak Europako Superliga sortu duten klubei ohartarazi die beren jokalariek ezin izango dituztela "euren selekzioak ordezkatu, ezta "Eurokopa edo Munduko Txapelketan parte hartu ere". Gainera, aipatu proiektua "lotsagarria eta berekoia" dela esan du, gutxi batzuen "gutiziaren" ondorioz.

"Nire ustez, lehenbailehen, klubak eta jokalariak gure lehiaketetatik kanporatu behar ditugu. Superligan parte hartzen duten jokalariek ezingo dituzte euren selekzioak ordezkatu, ezta Eurokopetan edo Munduko Txapelketan parte hartu ere", adierazi du UEFAko Batzorde Exekutiboak Montreuxen (Suitza) astelehen honetan egindako bileraren ostean.

Gainera, Ceferinek aitortu duenez, berehalako neurriak eta zigorrak aztertzen ari dira, "baina ahal ditugun neurri guztiak hartuko ditugu eta lehenbailehen jakinaraziko diegu", gaineratu du.

UEFAren asteleheneko bilerak Txapeldunen Ligaren formatu aldaketa baieztatzeko asmoa zeukan, baina Europako Superliga izan da protagonista nagusia. "UEFA eta futbolaren mundua bat eginda daude azken 24 orduetan Europako klub boteretsu gutxi batzuk plazaratutako proposamen lotsagarri eta berekoiaren aurka. Denok gaude bat eginda zentzurik gabeko proiektuari aurre egiteko", adierazi du.