Itxi

Futbola

EURO 2020 (B multzoa)

Belgikak bigarren garaipena jarraian lortu du, Danimarka mendean hartuta

A. B. E. | EITB Media

Selekzio belgikarrak 1-2ko emaitzarekin irabazi du Eurokopako B multzoko bigarren jardunaldiko partida eta final-zortzirenetara sailkatu da.

  • De Bruyne

    De Bruyne, Belgikaren bigarren gola sartu duen jokalaria. Argazkia: EFE

Belgikak hiru puntuak eskuratu ditu Danimarkaren aurka (1-2) ostegun honetan jokatu duen Eurokopako B multzoko bigarren jardunaldiko norgehiagokan. Selekzio belgikarra final-zortzirenetara sailkatuta dago.

Partidaren hasieran Danimarka izan da nagusi, eta bigarren minutuan Poulsenek gola sartu du (1-0), Belgikako defentsaren huts nabarmena baliatuta. Denayerrek pase kaskarra eman du belgikarren area ingurutik gertu, baloia Hojbjergek berreskuratu du, eta Poulsenek ez du taldekidearen pasea alferrik galdu.

Norgehiagokako lehen golaren ostean, Danimarkak eraso jotzen jarraitu du, eta bigarren gola sartzetik gertu egon den arren, Maehlek eta Wassek ezin izan dute Courtois Belgikako atezaina gainditu, abagune nabarmenak huts eginda. Lehen zatia amaitu orduko, Damsgaarden jaurtiketa gurutzatua kanpora joan da, zutoina urratuta.Belgika ezinean ibili da, eta ez du abagunerik izan lehen 45 minutuetan.

Atsedenaldian, Roberto Martinez Belgikako hautatzaileak Mertens kendu eta De Bruyne zelairatu du. Manchester Cityn jokatzen duen erdilaria zelaira sartu denean, bere taldea hobeto jokatzen hasi da. Hala ere, daniarrak ez dira kikildu, eta abisua eman dute Damsgaarden jaurtiketa baten bidez. Belgika baloia azkarrago mugitzen hasi da. Partidako 55.minutuan Lukakuk jokaldi bikaina egin du, baloia De Bruyneri eman dio, eta haren pase bikaina Thorgan Hazardek bidali du sare barrura (1-1).

Berdinketaren golak zalantzak sortu dizkio Danimarkari eta indarra eman dio Belgikari. Bob Martinezek zuzentzen duen selekzioa nagusitzen hasi da markagailuan banakoa jarri ostean, eta 70.minutuan bigarren gola sartu du De Bruynek area kanpotik egindako jaurtiketa gurutzatu baten bidez (1-2).

Hogei minutu geratzen ziren oraindik eta Danimarkak ez du etsi. Braithwaitek jokaldi ona egin, jaurtiketa ona atera eta Courtois atezainak gola eragotzi du, erantzun bikaina emanda. Belgikak kontraerasoan min egiteko aukera izan du, baina De Bruynek ez du asmatu azken txanpan izan duen abagune argian. Amaierako minutuetan, jada luzapenean, Braithwaiten errematea ez da Courtoisek babestutako atean sartu, langa jo ostean. Jensenek izan du berdinketa lortzeko azken aukera, baina jaurtiketa gora joan zaio.

Fitxa teknikoa:

1 - Danimarka: Schmeichel; Kjær, Christensen, Vestergaard (Skov Olsen, 84. min); Wass (Stryger Larsen, 62. min), Delaney (Jensen, 72. min), Damsgaard (Cornelius, 72. min), Højbjerg, Maehle; Poulsen (Nørgaard, 62. min), Braithwaite.

2 - Belgika: Courtois; Alderweireld, Denayer, Vertonghen, Meunier; Tielemans, Dendoncker (Witsel, 59. min), Torghan Hazard (Vermaelen, 90. min); Mertens (De Bruyne, 46. min), Lukaku, Carrasco (Eden Hazard, 59. min).

Golak: 1-0, 2. min: Poulsen; 1-1, 55. min: Torghan Hazard; 1-2, 70. min: De Bruyne.

Epilea: Björn Kuipers (NL). Txartel horiak atera dizkie Kjær (58. min), Damsgaard (69. min) eta Jensen (81. min) Danimarkako jokalariei; baita T. Hazard (90. min) Belgikako futbolariari.