Itxi

Futbola

EURO 2020 (E multzoa)

Espainiak Eslovakia jipoitu du eta Kroaziaren aurka arituko da final-zortzirenetan

A. B. E. | EITB Media

Suedia da E multzoko liderra, 3. jardunaldian Polonia kanporatu ostean (3-2). Espainiako selekzioak 0-5eko emaitzarekin hartu du mendean Eslovakia eta bigarren postuan amaitu du multzoen fasea.

  • Laporte

    Laporte, Eslovaquiari sartu dion gola ospatzen. Argazkia: EFE

Espainiak 0 eta 5eko emaitzarekin hartu du mendean Eslovakia Eurokopako E multzoko hirugarren jardunaldiko partidan eta Kroazia izango du aurkari final-zortzirenetan, datorren astelehenean. Bestalde, Suediak Poloniari irabazi dio (3-2) eta multzoko lider gisa pasa da hurrengo fasera. Polonia txapelketatik at geratu da.

Eslovakiaren aurkako partidan jaun eta jabe izan da Espainia, baina izan duen lehen abagune argian, Moratari penalti jaurtiketa gelditu dio Dubravka atezainak. Hala ere, hortxe bukatu da Eslovakiako atezainaren bolada ona, ondoren huts galantak egin baititu. Neurketako 30. minutuan Sarabiak langara bidali du jaurtiketa, eta baloia beherantz joan denean Dubravkak bere atean sartu du gola (0-1). Atsedenaldira iritsi orduko, lehen zatiaren luzapenean Laportek jarri du 0-2koa markagailuan.

Bigarren zatian aise nagusitu da Espainiako selekzioa. Sarabiak gola sartu du (0-3) 56. minutuan, Ferran Torresek laugarren egin du (0-4) 67. minutuan, eta lau minutu beranduago Kuckak bere atean sartu neurketako azken gola (0-5).

E multzoko beste partidan Suediak garaipena erdietsi du Poloniaren aurka (3-2). Frosbergek Suedia aurretik jarri du markagailuan (1-0) bigarren minutuan eta suediarrak gol bateko abantailarekin iritsi dira atsedenaldira. Norgehiagokako 59. minutuan Forsbergek suediarren bigarren gola egin du (2-0), baina minutu bat beranduago Lewandowskik desabantaila murriztu du (2-1). Robert Lewandowskik berak sartu du binakoa (2-2) eragin duen gola, eta azken minutuetan Poloniak erasora itsu-itsuan jo duenean, Suediak neurketa erabakita utzi du, kontraerasoan Claessonek lortutako golari esker (3-2).