Itxi

Futbola

Aldarrikapena

Primera Iberdrolako jokalarien protesta profesionalizaziorako bidean bizi duten geldiuneagatik

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Lanuzteak egiten ari dira asteburu honetan jokatzen ari diren partiden lehen 30 segundoetan.

0:46
Jugadoras de la Real Sociedad y del Atlético de Madrid.

Primera Iberdrolako jokalariak lanuzteak egiten ari dira asteburu honetan jokatzen ari diren partiden lehen 30 segundoetan, txapelketa profesionalizatzeko prozesuaren blokeoaren aurrean "bizitzen ari diren egoeragatik protesta egiteko".

Espainiako Futbolarien Elkarteak (AFE) larunbat honetan eman du jokalariak egiten ari diren ekimenaren berri. Protestak eguerdian hasi dira Atletico Madril - Reala (0-1) eta Bartzelona - Levante (4-0) partidetan. Jokalari txuri-urdinen kasuan, gainera, protesta bikoitza izan da; izan ere, euren lan-baldintzen inguruan kexu azaltzeaz gain, Federazioarekin duten haserrea ere adierazi nahi izan dute, hark hiru puntuko zigorra ezarri baitie aurreko partidetan RFEFren logoa ez eramateagatik. Horrela, geldialdiak iraun duen 30 segundo horietan, mahuketan zeramaten Federazioaren anagrama estali dute jokalari txuri-urdinek.

Primera Iberdrolako futbolariek duela hiru egun adierazi zuten ez zutela onartzen emakumezkoen liga profesionalaren estatutuen onarpenean gertatzen ari zen moteltzea. Blokeo hori hiru hilabete baino gehiagoz luzatzen ari dela salatu zuten, eta Kirol Kontseilu Gorenaren (CSD) lidergo falta ere nabarmendu zuten, iragan martxoan Gobernuak profesionalizazioa gauzatzeko konpromisoa hartu ondoren.

"Egoera hori arriskutsua izaten ari da klub batzuen bideragarritasun ekonomikoarentzat, eta, ondorioz, aurretik egin genuen eta gerora ere egingo dugun bezala, ez dugu zalantzarik izango neurri argi eta erabakigarriak hartzeko orduan. Kategoria profesionala dela esan eta hiru hilabetera, jokalariak jasaten ari diren adar-jotze hau ez da gehiago luzatu behar", adierazi zuen jokalarien kolektiboak. Euren aldarrikapenak Emakumezkoen Futboleko Kluben Elkartearen (ACFF) babesa jaso du gaur.