Futbola
PORTUGALGO LIGA
Belenenses 9 jokalarirekin aritu da Benficaren aurka, covid agerraldi batengatik
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Partida bertan behera geratu da atsedenaldiaren ostean, etxekoak sei kide baino ez zituztelako jokatzeko moduan. Ordurako Benfica 0-7 ari zen irabazten.
-
Belenenses - Benfica neurketako une bat. Argazkia: EFE
Belenenses eta Benficaren arteko partida, Portugalgo Ligako hamabigarren jardunaldikoa, historiara igaroko da jokatu izanagatik. Izan ere, etxekoek 13 jokalariren baja izan dute covid-19aren eraginagatik; ondorioz, 9 jokalarirekin zelairatu dira eta atsedenaldiaren ostean bertan behera utzi behar izan dute lehia, 6 jokalari besterik ez baitzituzten.
Lehen 45 minutuetan, Belenensesek 9 jokalarirekin jardun duenean, Benficak 7 gol erdietsi ditu: Darwin Nuñez uruguaitarrak hiru, Seferovic suitzarrak bi, Weigl alemaniarrak bat eta Eduardo Kauk bere atean egindako beste bat.
Atsedenaldiaren ostean, Belenenseko 7 jokalarik bakarrik ekin diote neurketari, eta lehen minutuetan sei jokalarirekin geratu da, batek min hartu baitu.
Azken 48 orduetan, Belenensesek jakinarazi du taldeko 17 kidek, tartean 13 jokalarik eta entrenatzaileak, ezin zutela jokatu positibo eman zutelako covid-19an.
Hala ere, lehiaketaren arduradunek eta Portugaleko osasun agintariek baztertu egin zuten norgehiagoka bertan behera uztea eta jokatu egin behar izan da.