Futbola
Heriotza
Luis Mari Elustondo Euskadiko Futbol Federakundeko presidente ohia zendu da
EITB MEDIA
2012tik 2021era bitartean izan zen presidentea; azken urte horretan, Javier Landeta egungo presidenteak ordezkatu zuen.
-
Luis Maria Elustondo, artxiboko irudian. EITB Mediako bideo batetik hartutako argazkia.
Luis Mari Elustondo Euskadiko Futbol Federakundeko (EFF) presidente ohia zendu da astearte honetan, EFFk iragarri duenez.
"Euskadiko Futbol Federakundeak biziki sentitzen du Luis Maria Elustondo gure presidente ohiaren (2012-2021) heriotza. Gure doluminak familia osoari une zail hauetan. Goian bego", adierazi du Federakundeak, sare sozialetan.
Euskadiko Futbol Federakundeak biziki sentitzen du Luis Maria Elustondo gure presidente ohiaren (2012-2021) heriotza. Gure doluminak familia osoari une zail hauetan. Goian bego pic.twitter.com/h0H73vRO7N
— Euskadiko Futbol Federakundea - Federación Vasca (@EFF_FVF) September 6, 2022
Elustondok 2012an hartu zuen kargua bere gain, 2016ra arte berez, baina berriro hautatu zuten, eta 2021era arte izan zen presidente. Ordutik, Javier Landeta ari da ardura horretan.
Aipatu tarte horretan gizonezkoen selekzio absolutuaren partidak berreskuratu ziren, jokalariekin izandako desadostasunak gainditu ondoren, baina, batez ere, bere agintaldia gogoratuko da munduko futboleko erakunde gorenei (FIFA eta UEFA) ofizialki atxikitzeko eskaera egin zitzaielako, Euskal Selekzioak lehiaketa guztietan modu ofizialean lehiatu ahal izan dezan. Alabaina, eskaera hori ukatu egin zuten bi erakundeek.