Itxi

Futbola

Euskal derbia

Athleticek eta Realak indarrak neurtuko dituzte San Mamesen derbia bereganatzeko

I. G. | EITB MEDIA

Bi taldeek elkarren aurka jokatuko dute San Mamesen F Ligako bederatzigarren jardunaldian. Bizkaitarrek garaipenen boladari jarraipena ematea izango dute helburu, eta gupuzkoarrak bolada txarrari buelta ematen saiatuko dira, derbia irabazita.

1:25
Natalia Arroyo, Oihane Valdezate eta Oihane Hernandez

San Mamesek emakumezkoen euskal futbolaren festa biziko du larunbat honetan, azaroaren 19an (20:00etan), Athleticen eta Realaren arteko derbiaz gozatzeko. Derbia betiko intentsitatearekin aurreikusten da, baita oso parekatua ere, bi taldeek azken jardunaldietan izan duten joera ikusita. Jardunaldia zuzenean jarraitu ahalko da eitb.eus-en eta ETB1en.

Talde zuri-gorriak bi garaipen lortu ditu etxetik kanpo Granadillara eta Valentziara egindako bisitetan, eta talde txuri-urdinetik hiru puntura baino ez dira jarri. Bi jardunaldi horietan Realak puntu bat lortu zuen Atletico Madrilen zelaian, baina Zubietan Madril CFFren aurka lehen porrota jaso zuen.

Beraz, Natalia Arroyoren jokalariak haien tokia berreskuratzen saiatuko dira, aurreko denboraldian 'Katedralean' lortutako garaipena errepikatuz, Yulema Corres eta Naroa Uriarte berreskuratuko dituen aurkariaren aurka.

Arroyoren ustez, derbia "premiazkoa ez, baina gogoa jartzeko eta hiru puntuei balioa emateko une batean" iritsi zaie bi taldeei.

Bestalde, Iraia Iturregi teknikari bizkaitarrak azpimarratu duenez, "egun egokia da jendea estadiora etortzera animatzeko. Hasiera zaila izan dugu, baina larunbatean hiru puntuk jarraipena emango ligukete azken emaitza onei. Espero dut jende asko biltzea eta behar dugun bultzada hori ematea".

Gainera, Athleticek zaleen gunea antolatu du San Mameseko zelaigunean, 12:00etatik aurrerako orduak girotzeko.

Esparru honetan helduentzako zein gazte eta umeentzako jarduerak izango dira, guztiak "klubak datozen lau urteetarako dituen apustu handienetako biri lotuta: euskararen erabilera bultzatzea eta berdintasuna sustatzea".