Itxi

Futbola

Heriotza

Pele hil da, inoizko futbol jokalari onenetakoa

A. B. E. | EITB Media

Hiru Munduko Txapelketa irabazi dituen jokalari bakarra da, baita titulu hura gazteen bereganatu duena ere. Santosen jokatu zuen 1956tik 1974ra artean, eta New York Cosmosen 1975etik 1977ra bitartean. Guztira, 775 gol ofizial sartu ditu bere ibilbide profesionalean.

1:36
Pele

Edson Arantes do Nascimento, Pele (Brasil, 1940/10/23) izenarekin ezagunagoa, hil da ostegun honetan, abenduaren 29an, 82 urte zituela.

Historiako jokalari onenetakoa dena gaixorik egon da. Koloneko minbiziaren ondorioz, ospitalean egon da azaroaren 29az geroztik. Azkenean, aurrelari brasildarrak ezin izan dio partida irabazi gaixotasunari.

Santosen ekin zion bere ibilbide profesionalari 1956an, eta bertan jokatu zuen 1974ra arte, titulu hauek guztiak lortuta: Txapeldunen Kontinentearteko Superkopa 1, 2 Kontinentearteko Kopa, 2 Libertadores Kopa, 6 Brasileirao (Brasilgo liga) eta 10 Paulistao (Sao Pauloko taldeen arteko txapelketa). Ondoren, 1975ean New York Cosmosen jokatu zuen 1977ra arte. Talde estatubatuarrean liga bat irabazi zuen.

Jokalari brasildarrak 1977. urtean hartu zuen erretiroa, guztira 1284 gol sartuta; horietatik, 775 izan ziren ofizialak.

Bestalde, Pelek 16 urte zituela egin zuen debuta Brasilgo selekzioarekin. Orotara, lau Munduko Txapelketa jokatu zituen, eta hirutan izan zen txapeldun; 1958an, 1962an eta 1970ean. Gainera, Munduko Txapelketa irabazi duen jokalari gazteena da, 1958an titulua bereganatu baitzuen 17 urte zituela. Hamabi gol sartu zituen parte hartu zuen lau Munduko Txapelketetan, jokalari gazte onena izan zen 1958koan, eta jokalari onena, 1970ekoan. Gaur egunera arte, Brasilgo selekzioko golegile nagusia da 77 golekin, Neymarrekin berdinduta.