Itxi

Futbola

Espainiako Superkopa

Real Madril, Superkopako finalera Valentzia penaltietan mendean hartuta

EITB Media

Espainiako Superkopako lehen finalerdia bana berdinduta (1-1) amaitu da. Luzapenean ez da golik egon, eta penaltietan Madrilgo taldea izan da nagusi (4-3).

  • Real Madril

    Courtois, Asensio eta Benzma, Real Madrileko jokalariak, garaipena ospatzen. Argazkia: EFE

Real Madrilek Espainiako Superkopako finalerako txartela lortu du asteazken honetan (urtarrilak 11) finalerdietan Valentzia mendean hartuta Saudi Arabiako Fahd Erregea estadioan jokatu den partidan.

Norgehiagoka parekatua izan da. Real Madrilek gola sartu du lehen zatian, 39.minutuan; Benzemak 1-0ekoa jarri du markagailuan, gola penaltiz sartuta. Hain zuzen ere, jokalari frantziarrari berari egin dio penaltia Comertek.

Bigarren zatiko lehen jokaldian berdindu du lehia Valentziak; Samuel Linok gola sartu du (1-1), boleaz errematatuta Latoren erdiraketa ona.

Azken txanpan bi taldeek izan dituzte golak sartzeko aukerak, baina Mamardashvili (Valentzia) y Courtois (Real Madril) atezainek eragotzi egin dituzte. Horrela, neurketa luzapenera joan da.

Atezainak izan dira protagonista beste behin luzapenean, eta bi taldeetako bat ere ez da gai izan bigarren gola sartzeko. Hala gauzak, irabazlea penalti jaurtiketen bidez erabaki da.

Cavanik ez du huts egin Valentziaren lehen penalti jaurtiketan, ezta Benzemak ere Real Madrilen estreinakoan. Valentziaren bigarren jaurtiketan, ordea, Comertek kanpora bota du baloia, eta Modricek aurretik jarri du Madrilgo taldea. Ondoren, Illaixek eta Guillamonek golak sartu dituzte Valentziarentzat; baita Kroosek eta Asensiok ere Real Madrilentzat. Gaya Valentziako kapitainari jaurtiketa gelditu dio Courtoisek, eta Real Madrilek bereganatu du garaipena.

Fitxa teknikoa:

1 (4)- Real Madril: Courtois; Lucas Vazquez (Carvajal, 69. min), Militao (Mendy, 74. min), Rüdiger, Nacho; Kroos, Camavinga (Modric, 46. min), Valverde (Ceballos, 106. min); Rodrygo (Asensio, 84. min), Benzema eta Vinicius.

1 (3)- Valentzia: Mamardashvili; Correia, Cenk Özkacar, Cömert, Gaya; Musah (Foulquier, 95. min), Almeida (Guillamon, 115. min), Lato (Ilaix Moriba, 95. min); Kluivert (Hugo Duro, 73. min), Samuel Lino (Fran Perez, 82. min) eta Cavani.

Golak: 1-0, 39. min: Benzema. 1-1, 46. min: Samuel Lino.

Penalti jaurtiketak: 0-1: Cavani, gola. 1-1: Benzema, gola. 1-1: Cömert, kanpora. 2-1: Modric, gola. 2-2: Ilaix Moriba, gola. 3-2: Kroos, gola. 3-2: Guillamon, gola. 4-3: Asensio, gola. 4-3: Gaya, Courtoisen gelditua.

Epailea: Alejandro Hernandez Hernandez. Txartel horiak atera dizkie Eduardo Camavinga (27. min) eta Nacho (109. min), Real Madrileko jokalariei, baita Justin Kluivert (31. min), Eray Cömert (38. min), Edinson Cavani (92. min) eta Almeida (99. min) Valentziako futbolariei.