Futbola
Negreira auzia
Kirol Kontseilu Nagusia Negreira auzian pertsonatu egingo da
EITB MEDIA
Jose Manuel Franco erakunde horretako presidenteak, halaber, eskatu dio Bartzelonari azal dezala zer gertatu den, jakiteko ea ez den "ematen duen bezain larria". Real Madril ere pertsonatuko da, eta Laporta Bartzelonako presidenteak ohartarazi du kanpaina dagoela: "Orain denak daude tartean".
-
Joan Laporta Bartzelonako presidenteak berretsi du kluba "errugabea" dela. Argazkia: EFE.
Jose Manuel Franco Kirol Kontseilu Nagusiko presidenteak astelehenean iragarri duenez, bera buru duen erakundea pertsonatu egingo da Negreira auzian; gainera, Francok eskatu egin die Bartzelonari eta Joan Laporta Kataluniako klubeko presidenteari azal dezatela zer gertatu den, jakiteko ea ez den "ematen duen bezain larria". Bitartean, Real Madrilek ere erabaki du auzian pertsonatzea, eta Laportak ohartarazi du Bartzelonaren ohorearen aurkako kanpaina dagoela: "Orain denak daude tartean", adierazi du.
"Kirol Kontseilu Nagusiaren asmoa pertsonatzea da, baina une egokian. Kontuan izan behar dugu Fiskaltzak Instrukzioko Epaitegi batean jarri duela salaketa; epaitegi horrek tramitera onartu behar du, eta orduan, gu, gure zerbitzu juridikoak baliatuz, pertsonatu egingo gara auzian", ziurtatu du Jose Manuel Francok, Telecincon. Kirol Kontseilu Nagusia Espainiako Gobernuaren Kultura eta Kirol Ministerioari atxikita dago.
Galdetu diote zergatik atzeratu duen horrenbeste berak zuzentzen duen erakundeak pertsonatuko dela jakitera ematea; erantzun duenez, nahia da "arduratsuak eta koherenteak" izatea: "Erakundeei utzi behar zaie lan egitea; oso ondo ari dira egiten. Gaia Zerga Agentzian sortu zen, gerora Fiskaltzak hartu zuen bere gain, eta beraiek erabaki dute salatzea. Ikus dezagun ea Instrukzioko Epaitegiak tramitera onartzen duen, prozedura logikoa jarraituko dugu", ziurtatu du.
"Klub batek ez dio ezergatik ordaintzen epaileen presidenteordeari"
"Kezkatzen nau auzi honek, Espainiako kirolari ez datorkiolako ondo, gaizki datorkiolako. Futbolerako txarra dena Espainiako kirolerako da txarra. Klub batek ez dio ezergatik ordaintzen epaileen presidenteordeari. Egia da ikertu behar dugula", onartu du Francok. Nahi du, halaber, klubaren bertsioa entzun: "Eskatuko nioke Bartzelonari azalpen bat, esan dezatela zer gertatu den. Gerta liteke ez izatea ematen duen bezain larria, baina gaia oso itsusia da eta kezkatu egiten gaitu, eta Espainiako kirolerako eta futbolerako izena galtzea Dakar", adierazi du. "Eskatzen diot Laporta jaunari argitzea behingoz zer gertatu den, eta, ez dakigun zerbait badago, esan dezala. Bartzelonako bazkideek eta zaleek ere azalpena merezi dute", gehitu du.
Bestalde, Albert Soler Kirol Kontseilu Nagusiko zuzendari nagusi ohia ete tartean dago, Negreira auzian; horren harira, ziurtatu du ez duela inolako zerikusirik erakundetik irten izatearekin: "Ez dakit Albert Solerrek bazekien ala ez. Baina auziak lehertu egin duenean, Soler jauna ez zegoen, dagoeneko, Kirol Kontseilu Nagusian. Jende asko dago tartean, eta epailearen aurrean azalpenak eman beharko dituzte, hori argi dago", zehaztu du.
"Kirolaren Lege Berriak (abenduan onartu zuten) zehazten du arau hauste oso larriak hiru urteren buruan preskribatu egingo direla, sektore publikoaren erregimen juridikoaren legearekin bat eginez. Lege berriak larriagotu egiten ditu arau hausteak", adierazi du, balizko delituaren preskripzioa eta Solerren Kirolaren Lege berriaren idazketan izandako parte-hartzea hizpide.
Real Madril ere pertsonatu egingo da, eta Laporta Bartelonako presidenteak adierazi du kanpaina dagoela eta kluba errugabea dela
Bitartean, Real Madrileko Zuzendaritza Batzak adostu du, igande goizean egindako bileran, Negreira auziaren prozeduran pertsonatzea, "epaileak kaltetutako aldeei zabaldu eta berehala". Gainera, Madrilgo taldearen Zuzendaritza Batzak adierazi du "sakonki kezkatuta" dagoela Fiskaltzak Bartzelonaren aurka egindako "akusazio larriengatik", eta gertaera horien "larritasunagatik".
Bere aldetik, Joan Laporta Bartzelonako presidenteak berretsi du Kataluniako kluba "errugabea" dela, egotzitako akusazioei erreparatuta, eta gehitu du, Real Madrilen erreakzioaren aurrean, Bartzelona biktima dela: "Gure ohorearen aurkako kanpaina dago, eta orain, dagoeneko, denak daude tartean".
"Bartzelona errugabea da, eta gure ohorearen kontrako kanpaina dago, orain denak daude kanpaina horretan. Ez dago ustekaberik. Kluba defendatuko dugu, eta errugabetasuna frogatuko dugu. Askok zuzendu beharko dute", ziurtatu du Laportak.