Itxi

Futbola

Lehen finalerdia

Kroaziak Nazioen Ligako finalerako txartela lortu du, finalerdietan Herbehereak mendean hartuta

A. B. E. | EITB Media

Kroaziako selekzioak 2-4ko emaitzarekin irabazi dio Herbehereetakoari lehen finalerdia. Garailea luzapenean erabaki da. Azken txanpan nagusi izan dira kroaziarrak.

  • Kroazia

    Kroaziako jokalariak Kramaricek Herbehereetakoari sartutako gola ospatzen. Argazkia: EFE

Kroazia Nazioen Ligako finalerako sailkatu da asteazken honetan, ekainaren 14an, Herbehereak mendean hartuta, 2-4ko emaitzarekin, Rotterdamen, De Kuip estadioan, jokatutako finalerdian. Kroziarren aurkaria Espainiak eta Italiak hilaren 15ean jokatuko duten neurketaren garailea izango da.

Lehen zatia parekatua izan da. Herbehereetako selekzioak izan du baloiaren jabetza, baina lehen abisua Kroaziak eman du Kramaricen jaurtiketa batekin. Herbeheretarrek etxean jokatu dute, eta azkar egin dute lehen aukera; Koopmeinersi, ordea, langa gainetik joan zaio errematea. Bazirudien ez zela golik egongo atsedenaldira iritsi aurretik, baina ez da hala izan: 34. minutuan, Malenek gola sartu du (1-0) Herbehereetako selekzioarentzat, jaurtiketa gurutzatu batekin Kroaziako atezaina gaindituta.

Bigarren zatiari erasokor ekin dio Kroaziak, eta azkar berdindu du lehia. Gakpok falta egin dio area barruan Modrici, epaileak penaltia adierazi du kroaziarren alde, eta Kramaricek 1-1ekoa jarri du markagailuan.

Ondoren, etxeko taldea saiatu da bigarren golaren bila jotzen, eta bi abagune izan ditu, baina ez du lortu aurkariaren atea zulatzea. Gainera, 72. minutuan, Kroaziak beste gol bat sartu du; Juranovicek erdiratu, eta Pasalicek ate barruan sartu du balioa (1-2), erremate ona eginda.

Maldan gora jarri zaio partida Van Gaalen selekzioari, baina ekinean jarraitu dute, bigarren gola sartzeko helburuarekin. Kroaziak lehia erabakita uzteko aukera izan du 90. minutura heldu baino lehen, baina barkatu egin du. Horrenbestez, Herbehereetako selekzioari aukera eman dio, eta oparia baliatu du bere zaleen aurrean: 96. minutuan, partida amaitzear zenean, Kroaziak babestutako ate inguruan inork ez du baloia aldendu, han agertu da Lang, eta luzapena behartu du, 2-2koa markagailuratuta.

Hala, bada, luzapena behar izan du norgehiagokak. Luzapenaren hasieran, bi taldeei kosta egin zaie abagune argiak sortzea, baina talde kroaziarrak ez du barkatu izan duen lehen aukeran. Lehen zatiko zortzigarren minutuan, Petkovicek gola sartu du (2-3), area kanpotik jaurtiketa egin, eta Biljow atezaina gaindituta.

Gainera, Kroazia beste gol bat sartzetik gertu egon da 102. minutuan, baina baloia ez da aurkariaren ate barruan sartu, Frenki De Jong jo ostean.

Luzapeneko bigarren zatiaren hasieran ere barkatu du Kroaziak, Vlasicek kale egin baitu Biljowrekin izandako buruz burukoan. Geroago, etxekoek abagune bikoitza izan dute; Livakovic atezainak desbideratu egin du Bergwijnen jaurtiketa, baloia Langi iritsi zaio, eta haren jaurtiketa kanpora joan da.

Azken minutuetan, aldiz, Kroaziak erakustaldia eman du. 116. minutuan, epaileak kroaziarren aldeko penaltia adierazi du, area barruan Malaciak Petkovici falta egin baitio. Jaurtitzeko erantzukizuna Modricek hartu du, eta kapitainak ez du huts egin (2-4).

Aurkariaren laugarren golak lur jota utzi du Herbehereetako selekzioa. Bestalde, Kroaziak gehiago nahi izan du, eta beste gol bat sartu du; epaileak baliogabetu egin du, jokoz kanpokoa adierazita.

Horrenbestez, partida Kroaziaren aldeko 2-4ko emaitzarekin bukatu da.

Fitxa teknikoa:

2 - Herbehereak: Bijlow; Dumfries (Lang, 85. min), Geertruida, Van Dijk, Ake (Malacia, 106. min); Wieffer (Wijnaldum, 75. min), Koopmeiners, De Jong; Malen (Bergwijn, 75. min), Simons (Weghorst, 64. min) eta Gakpo (De Roon, 106. min).

4 - Kroazia: Livakovic; Juranovic (Stanisic, 78. min), Sutalo (Petkovic, 91. min), Vida, Perisic; Brozovic, Modric (Barisic, 119. min), Kovacic (Majer, 85. min); Pasalic, Ivanusec (Vlasic, 78. min) eta Kramaric (Erlic, 90. min).

Golak: 1-0, 34. min: Malen. 1-1, 55. min: Kramaric, penaltiz. 1-2, 72. min: Pasalic. 2-2, 96. min: Lang. 2-3, 98. min: Petkovic. 2-4, 116. min: Modric, penaltiz.

Epailea: Istvan Kovács (Errumanía). Txartel horia atera die De Jong (38. min), Koopmeiners (94. min), Malacia (116. min), Kovacic (17. min), Pasalic (24. min), Brozovic (63. min) eta Livakovic (90. min) jokalariei.