Itxi

Futbola

Bi denboraldirako

Andoni Iraolak Bournemouth talde ingelesa entrenatuko du, 2025era arte

Agentziak | EITB MEDIA

Athleticeko jokalari ohiak ibilbide berria hasiko du Ingalaterran, Rayo Vallecano hiru denboralditan zuzendu ostean.

  • Andoni Iraola, Rayoren eta Athleticen arteko prtida batean

    Andoni Iraola, Rayoren eta Athleticen arteko prtida batean. Argazkia: Efe.

Andoni Iraolak Ingalaterrako Bournemouth taldea zuzenduko du datozen bi denboraldietan, klubak berak aditzera emandakoaren arabera.

"Pozik gaude Andoni Iraolak kluba hurrengo bi denboraldietan zuzenduko duela iragarri behar dugulako", adierazi dute Bournemoutheko arduradunek komunikatu batean.

Iraolak Rayo Vallecano utzi berri du; bertan hiru urte eman ditu entrenatzaile lanetan, eta ez du madrildarrekin kontratua luzatu. Ibilbide arrakastatsua egin du Vallecasen, eta aurten Madrilgo taldeak 11. amaitu du Santander ligako sailkapenenean.

Euskal entrenatzaileak Lehen Mailara igo zuen Rayo 2019-20 denboraldian. Gainera, taldea Europan sartzear izan da zenbait alditan, eta 2021-22 denboraldian Errege Kopako finalerdietara iritsi zen. Talde sendoa egin zuen gipuzkoarrak, eta Bartzelona, Real Madril eta Atletico Madril taldeei irabazteko gai izan zen.

Aurretik, Iraolak Mirandes entrenatu zuen, Bigarren Mailan, eta Errege Kopako finalerdiak jokatu zituzten, bigarrenez klubaren historian. Entrenatu zuen lehen taldea Zipreko AEK Larnaca izan zen, eta Europa Ligako multzoen fasean sartu zuen.

Jokalari moduan, Iraolak 551 partida jokatu zituen Athleticekin eta New York Cityrekin. Orain, Bournemouth entrenatuko du, Gary O'Neil entrenatzailearen lekukoa hartuz. O'Neilen eskutik, taldeak 15. postuan amaitu du Premier Leaguen.

Denboraldiaurrea

Iraola uztailean hasiko da bere talde berriarekin denboraldiaurrea prestatzen, klubak berak baieztatu duenez. Hibernian eta Makabi Tel Aviv izango dira bere lehen bi aurkariak, uztailaren 13an eta 16an jokatuko dituen lagunarteko partidetan. Ondoren, hilaren amaieran, Atalanta eta FC Lorient hartuko dituzte etxean.