Itxi

Futbola

Hypermotion Liga

Amorebietak hiru puntuak poltsikoratu ditu, Mirandes mendean hartuta (2-0)

A. B. E. | EITB Media

Zornotzako taldeak 2-0eko emaitzarekin irabazi du Lezaman jokatutako Hypermotion Ligako 6. Jardunaldiko partida, eta denboraldiko bigarren garaipena bereganatu du.

  • Amorebieta

    Amorebietako jokalariak Edwardsek Mirandesi sartutako 2. gola ospatzen. Argazkia: @SDAmorebieta

Amorebietak irabazi egin du Miranedsen aurka (2-0) igande honetan, irailaren 17an, Lezaman jokatutako Hypemotion Ligako seigarren jardunaldiko partida. Ondorioz, Zornotzako taldeak denboraldiko bere bigarren garaipena bereganatu du.

Bikain ekin dio neurketari Amorebietak. Haritz Mujikak zuzendutako taldea erasokor zelairatu da, eta azkar jaso du saria: zazpigarren minutuan Edwardsek jarri du 1-0ekoa markagailuan Erik Moranen pase bikaina baliatu eta area barrutik egindako jaurtiketarekin Ramon Juan atzezaina gainditua.

Gainera, ia gola barneratzeko denborarik gabe, Zornotzako taldeak bigarren gola sartu du; oraingo honetan ere, Edwards izan da golegilea (2-0). Dorrioren erdiraketa errematatu eta baloia ate barruan sartu du.

Hala, bada, nahiko bideratuta utzi du norgehiagoka Bizkaiko taldeak. Amorebietak ez du gehiegi sufritu lehen zatian, nahiz eta 35. minutuan MIrandesek abagunea izan duen desabantaila murrizteko; Manu Hernandok, ordea, ez dio errematea behar bezala egiten utzi Carlos Martini.

Bigarren zatian erasora jo du MIrandesek, baina Amorebietak la nona egin du defentsan, eta Burgosko taldea ezinean ibili da. Etxeko talderi kosta egin zaio beste gol bat sartzeko aukerak sortzea. Hala ere, 69. Minutuan izan du abagunea, baina Luis Quinteroren errematea kanpora joan da.

Azkenean, Amorebieta izan da lehiako irabazlea 2-0eko emaitzarekin.

Fitxa teknikoa:

2.- Amorebieta: Pablo Campo; Mier, Manu Hernando, Etxeita, Félix (Seguin, 86. min); Dorrio, Carbonell (Eraso, 86. min), Moran (Sibo, 64. min), Morcillo (Quintero, m.64); Edwards eta Jauregi (Da Graca, 75. min).

0.- Mirandes: Ramon Juan; Ruben Sanchez (Jonathan Gomez, 67. min), Pablo Ramon, Barcia, Juan Maria; Tachi (Reina, 53. min), Alvaro Sanz (Iosifov, 86. min); Baeza (Ilyas Chaira, 53. min), Carlos Martin, Gabri; eta Javi Marton (Durdov, 67. min).

Golak: 1-0, 7. min: Edwards. 2-0, 8. min: Edwards.

Epailea: Daniel Jesus Trujillo Suarez. TXatel horiak atera dizkie Moran (40. min), Jauregi (72. min) eta Carbonell (79. min), Amorebietako jokalariei, baita Mirandeseko Pablo Ramon (72. min) eta Reina (83. min) futbolariei ere.