Itxi

Futbola

Bartzelona vs Real Madril

Real Madrilek mendean hartu du Barça, klasikoan markagailua iraulita (1-2)

L.U. | EITB Media

Talde zuriak 1-2 irabazi dio talde katalanari EA Sports Ligako 11. jardunaldiko partida. Bartzelonak aurrea hartu du Gündoganen golari esker, eta Real Madrilek markagailua irauli du Bellinghamen bi golekin.

  • Jude Bellingham Argazkia: EFE

    Jude Bellingham Argazkia: EFE

Bartzelonak eta Real Madrilek 2023-24 denboraldiko lehen klasikoa jokatu dute, eta Madrilgo taldearen aldeko emaitzarekin amaitu da partida (1-2).

Barça nagusi izan da lehen zatian, eta Madrilek ez du bere jokoa egiten jakin. Izan ere, Gündoganek aurretik jarri du talde katalana 6. minutuan, Real Madrilek defentsan akats bat egin ondoren.

Hortik aurrera, etxeko taldeak nagusitasunez eta lasaitasun handiz jokatu du lehen zatian, eta 1-0 emaitzarekin joan da atsedenaldira.

Bigarren zatia Bartzelonaren nagusitasunarekin hasi da. 52. minutuan, Kepak etxeko taldearen bigarren gola eragotzi du, Araujok buruz egindako errematea geldituta.

10 minutu geroago, Bellingham klasikoan estreinatu da, gol ikusgarria eginez. Ter Stegenek ezin izan du gelditu Ingalaterrako jokalariak urrunetik egindako jaurtiketa, eta baloia sare barrura sartu da.

Luzapenean, zurien bigarren gola iritsi da. Carvajalen erdiraketa batek goitik gainditu du Iñigo Martinez, Modric kontrolatzen saiatu ostean, eta Bellinghamek, markarik gabe, bigarrena sartu du (1-2), 92. minutuan.

Azken minutuetan, Barçak berdinketa bilatu du, baina Real Madril sendo agertu da defentsan. Azkenean, talde bisitariak eskuratu ditu 3 puntuak (1-2).

Fitxa teknikoa:

1 - Bartzelona: Ter Stegen; Araujo, Christensen, Iñigo Martinez, Balde; Gavi, Fermin (Oriol Romeu, 72. min), Gündogan; Cancelo (Lamine Yamal, 76. min), Ferran (Lewandowski, 61. min) eta Joao Félix (Raphinha, 76. min).

2 - Real Madril: Kepa; Carvajal, Rüdiger, Alaba, Mendy (Camavinga, 52. min); Tchouameni, Valverde, Kroos (Modric, 63. min), Bellingham; Rodrygo (Joselu, 63. min) eta Vinicius (Lucas Vazquez, 93. min).

Golak: 1-0, 6. min: Gündogan. 1-1, 68. min: Bellingham. 1-2, 92. min: Bellingham.

Epailea: Gil Manzano. Txartel horia atera die Fermin (17. min) eta Ferran (46. min) Bartzelonako jokalariei, baita Carvajal (61. min) Real Madrileko futbolariari ere.