Itxi

Futbola

F Liga

Realak 0 eta 2 irabazi dio Eibarri Ipuruan jokatutako euskal derbia

EITB Media

Txuri-urdinak nagusitu dira armaginen aurkako F Ligako 16. jardunaldiko partidan. Franssik sartu ditu norgehiagokako bi golak.

1:15
Eibar - Reala

Realak irabazi du Eibarren aurkako F Ligako 16. jardunaldiko euskal derbia, 0-2ko emaitzarekin, igande honetan, otsailaren 4an, Ipuruan. Ondorioz, txuri-urdinak sailkapeneko zazpigarren postuan daude, 25 punturekin; armaginak, aldiz, 14. postuan daude, 13 punturekin, jaitsieratik hiru puntura.

Donostiako taldeak azkar hartu du aurrea markagailuan, 9. minutuan, Franssiren bitartez. Area barruan aurkariari iskin egin ostean jaurtiketa eginda gainditu du Miralles atezaina.

Gola jaso ostean, etxeko taldearen erantzuna heldu da. Hala, 17. minutuan, berdinketa sartzeko abagune argia izan du Eibarrek, baina Caminoren errematea kanpora joan da oso gutxigatik. Ondoren, lehia parekatua izan da atsedenaldira arte. Bi taldeei asko kostatu zaie abagune argiak sortzea, eta txuri-urdinen aldeko 0-1ekoarekin heldu da neurketa atsedenaldira.

Bigarren zatiari erasokor ekin dio Eibarrek. Etxeko taldeak atzean sartu du Reala. Caminok eman du lehen abisua, baina jokalari armaginaren jaurtiketa gora joan da. Gero, era guztietara saiatu da Eibar berdinketaren gola lortzen, baina armaginak ez dira fin ibili aurkariaren ate aurrean.

Sufritzea egokitu zaio Realari bigarren zatiaren hasieran, baina 67. minutuan bigarren gola sartu du. Txuri-urdinek kontraeraso azkarra antolatu dute, eta Franssik amaiera bikaina eman dio, markagailuan 0-2koa jarrita.

Realaren bigarren golak bideratuta utzi du Donostiako taldearen garaipena. Hala ere, Eibarrek azkeneraino jarraitu du borrokan, saririk lortu ez badu ere. Horrela, bada, amaieran Reala izan da garaile (0-2).

Fitxa teknikoa:

0 - Eibar: Miralles, Annelie (Carla, 85. min), Elba, Jujuba, Noko (A. Sierra, 46. min), Eider, Honoka (Zaïra, 85. min), Altonaga (Van Deursen, 79. min), E. Pizarro, L. Camino (Andrea, 69. min) eta Campos.

0 - Reala: Lete, Emma, Tejada, Vanegas, Bernabe, I. Arnaiz (Apari, 69. min), Andreia, Lorena (Amaiur, 69. min), Jensen (Cecilia, 84. min), N. Eizagirre eta Franssi (Mirari, 75. min).

Golak: 0-1: Franssi, 9. min. 0-2: Franssi, 68. min.

Epailea: Espinosa Rios. Txartel horia erakutsi dio Altonagari (Eibar).