Futbola
Espainiako Superkopak
Emakumezkoen zein gizonezkoen Espainiako Superkopako partidek ez dute luzapenik izango
EITB Media
Espainiako Futbol Federazioak jakinarazi du Espainiako Superkopan ez dela luzapenik egongo; hau da, partida berdinduta amaitzen bada, garailea penalti jaurtiketen bidez erabakiko da. Federazioak gaineratu du neurri hori hartu duela kirolariek duten neurketen karga murrizteko.
-
Real Madril, iazko Superkopako txapelduna. Argazkia: EFE
Espainiako Futbol Federazioaren Batzorde Delegatuak onartu egin du Oinarri Arautzaileak eta Lehiaketa Arauak aldatzea, gizonezkoen zein emakumezkoen Espainiako Superkopetan luzapena kentzeko.
Aldaketa horrekin, Espainiako Futbol Federazioak aintzat hartu ditu txapelketa horietan parte hartzen duten kluben eskaerak; era berean, futbolariek pilatzen duten minutuen karga arinduko du neurriak. Era berean, Federazioak gaineratu du aldaketa hori egitea erabaki duela Errege Kopan edo Federazio Kopan Europa eta mundu mailako antzeko beste lehiaketa batzuetan egiten denaren ildoa jarraitzeko.
Beraz, arauzko denbora amaitutakoan norgehiagoka berdinduta badago, irabazlea penalti jaurtiketen bidez erabakiko da.
Athleticek gizonezkoen Superkopa jokatuko du eta Realak emakumezkoena
Athleticek gizonezkoen Espainiako Superkopa jokatuko du Saudi Arabian. Talde zuri-gorria Bartzelonaren aurka ariko da txapelketako bigarren finalerdian, urtarrilaren 9an. Beste finalerdia Real Madrilek eta Mallorcak jokatuko dute, urtarrilaren 8an. Finala urtarrilaren 12an izango da.
Bestalde, Reala emakumezkoen Espainiako Superkopa irabazteko lehian ariko da urtarrilaren 21etik 26ra artean. Txuri-urdinek Real Madril izango du aurkari finalerdietan. Superkopa beste finalerdian Bartzelona eta Atletico Madril ibiliko dira nor baino nor gehiago.