Itxi

Futbola

Nazioarteko partidak

Ligako etenaldiak euskal taldeak egoera ezberdinetan harrapatu ditu

Erredakzioa

Reala sailkapeneko erdialdean dago, baina etxetik kanpo puntuak lortzeko erronka du. Athleticek burua altxatu du Osasunari irabazita. Gorritxoek, ostera, sailkapeneko putzuan jarraitzen dute.

  • Joseba Llorente eta Andoni Iraola azken derbian. EFE

    Joseba Llorente eta Andoni Iraola azken derbian. EFE

Selekzioek nazioarteko neurketak jokatu behar dituzte datozen bi asteetan eta BBVA Ligak etenaldia egingo du. Euskal taldeak egoera ezberdinetan heldu dira etenaldi horretara.

Reala sailkapeneko euskal talderik onena da eta bi aste izango ditu Atletico Madrilen kontrako neurketa prestatzeko. Koltxoneroen aurkako norgehiagoka Anoetan jokatuko dute eta Simeoneren jokalariak gorputzaldi ezin hobean helduko dira Donostiara, sailkapeneko buruan, Bartzelonarekin lehia estuan.

Hala ere, Montanierren jokalarien gainditu gabeko irakasgaia etxetik kanpoko partidak dira. Gainera, txuri-urdinen arazoa ez da aurtengoa, iragan denboraldian errepikatu zen. Ondorioz, Realak etxetik kanpo puntuak lortzeko lan egin beharko du aurrerapauso berri bat emateko.

Bestalde, Athleticek arnasa hartu du Osasunari San Mamesen 1-0 irabazita. Beste porrot batek Ibaiganeko alarmak piztu behar zituen aldagela zuri-gorriaren barruan eta kanpoan jazotako azken gertakariak ikusita. Gorritxoen aurka lortutako garaipenak urduritasuna baretu du.

Horrela, etenaldia unerik egokienean heldu da zuri-gorrientzat, arriskutik atera dituen garaipen baten ostean. Athleticek Mestalla bisitatuko du urriaren 20an eta Bielsaren jokalariek indarrak hartu beharko dituzte futbol-zelai madarikatu batetik zerbait positiboa ateratzeko.

Garaipen zuri-gorriak Osasuna arazotan sartu du. Gorritxoek hiru baloi zutoinera bidali zituzten San Mameseko derbian eta ez zuten partida txarra egin, baina batzutan Lehen Mailan horrekin ez da nahikoa.

Osasuna jaitsiera postuetan dago eta etenaldia lan egiteko aprobetxatu behar du, susperraldia posible delako.