Itxi

Reala

1-3

Realak galdu egin du Real Madril sendo baten aurka

Erredakzioa

Txuri-urdinek 1-3 galdu dute Anoetan. Mayoralek sartu du lehen gola, Kevinek jarri du berdinketa markagailuan, bere atean sartu du gol bat gero, eta Balek egin du azken gola.

  • Reala-Real Madril. Argazkia: EFE

    Reala-Real Madril. Argazkia: EFE

Realak denboraldiko lehen porrota jaso du igande honetan Anoetan Real Madrilen aurka 1-3 galduta. Zidanek zuzentzen duen taldeak partida ona jokatu du, eta hiru puntuak eskuratu ditu.

Hasierako minutuetan, bi taldeak baloiaren jabetza bereganatzen saiatu dira, eta, minutuak igaro ahala, Real Madril nagusitzen hasi da. Horrela, 19. minutuan, Borja Mayoralek 0-1ekoa sartu du, area barruan solte geratu den baloi bat sare barrura bidalita. Gola hartu ostean, Reala ez da kikildu, eta hamar minutu behar izan ditu neurketa berdintzeko; Odriozolak erdiraketa egin du hegaletik, eta Kevin Rodriguesek berdinketa jarri du markagailuan (1-1), erremate on batekin.

Partida berdindu ondoren, txuri-urdinek aurretik jartzeko abagunea izan dute, baina Kevin Rodriguesen jaurtiketak langa jo du. Jarraian, talde bisitariak kontraerasoa antolatu du, Borja Mayoralek jokaldi bikaina egin du, eta Kevin Rodriguesek bere atean sartu du baloia (1-2).

Bigarren zatian, Realak gehiago izan du baloiaren jabetza hasierako minutuetan. Real Madrilek, ordea, arazo gehiegirik gabe eutsi die txuri-urdinen erasoei. Neurketako 60. minutuan, Balek lehia erabakita utzi du, 1-3koa sartuta. Galesko jokalariak korrikaldi azkarra egin, eta bikain amaitu du jokaldia, Rulli atezaina gaindituta. Azken txanpan, bi taldeek gol gehiago egiteko abagunerik izan dute, eta epaileak legezko gol bat baliorik gabe utzi dio Marco Asensiori. Amaieran, Real Madrilek eskuratu ditu hiru puntuak, 1-3ko emaitzari esker.

Fitxa teknikoa:

1 - Reala: Rulli; Odriozola, Llorente, Elustondo, Kevin Rodrigues; Illarramendi, Zurutuza, Xabi Prieto (Juanmi, 68. min); Januzaj, Canales (Carlos Vela, 56. min) eta Willian Jose.

3.- Real Madril: Navas; Theo (Nacho, 90. min), Sergio Ramos, Varane, Carvajal; Isco, Casemiro, Modric; Bale, Asensio (Ceballos, 85. min) eta Mayoral (Lucas Vazquez, 74. min).

Golak: 0-1, 19. min: Mayoral. 1-1, 28. min: Kevin Rodrigues. 1-2, 35. min: Kevin Rodrigues, bere atean. 1-3, 60. min: Bale.

Epailea: Iglesias Villanueva.

ias Villanueva.