Itxi

Reala

Prentsaurrekoa

Aperribay: 'Realaren elastikoa jantzi nahi ez duenak egin dezakeen onena joatea da'

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Iñigo Martinez 'historia' dela adierazi du, eta gaineratu du garaia dela apustu handia egiteko 'klubean daudenak elastikoa harrotasunez eraman dezaten'.

Jokin Aperribay Realeko presidenteak prentsaurreko eskaini du astearte honetan Iñigo Martinezen kontratua eteteko klausula ordaindu eta jokalaria Realetik Athleticera joan eta gero. Bertan azpimarratu du Realeko elastikoa jantzi nahi ez duenak egin dezakeen onena alde egitea dela da.

Jokalaria historiatzat jo du, eta kexaka ibiltzeko garaia ez dela gaineratu du, baizik eta "klubean daudenak elastikoa harrotasunez eraman dezaten" apustu egitekoa.

Aperribayk ez dio azalpenik aurkitu jokalariaren ustekabeko irteerari. Ziurtatu duenaren arabera, astelehen iluntzean izan zuen horren berri, jokalariaren inguruko pertsona batek Athleticek atzelari bizkaitarrari "errefusatu ezinezko eskaintza" egin ziola jakinarazi zionean.

Bestalde, sinetsita azaldu da Zubietako harrobian aurkituko dutela Martinez ordezkatuko duen atzelaria. Zentzu horretan, nabarmendu du ez dutela dirua alperrik gastatuko; dena dela, ez die ateak itxi taldea indartzeko aukerei, baina "presarik gabe, dirua ondo inbertituta".

Realeko presidentearen esanetan, "1006 dekretuak gertatu dena gertatzea ahalbidetzen du", eta gauzak nola eman diren aztertuko dutela aurreratu du. Dena dela, Athleticekin harremanak eteteko aukerari buruz ez du gehiegi hitz egin nahi izan, beren ahaleginak klubak bizi duen kirol egoera kaskarra zuzentzera zuzendu nahi baitituzte.

Ukatu egin du "atsekabetuta" dagoenik Iñigo Martinezen portaerarekin; izan ere, udan berba egin zuten beste talde batzuek interesa azaldu zutelako, eta gerta zitekeen aukera bat zen; haatik, harrituta agertu da "Txapeldunen Liga joka edo irabaz dezakeen talde bat aukeratu ez izanagatik, hori bai izan dela harrigarria".

"Ez da egon inongo talderik Iñigogatik kopuru hori ordaindu duenik. Ez Bartzelonak, ez Interrek… Athletic da horrenbeste ordaintzen duen lehena. Bere kontratua berritu genuenean, egin genezakeen ahalegin handiena egin genuen taldean jarrai zezan", gogoratu du agintari txuri-urdinak.

Aperribayk ez du argitu etorkizuneko kontratuetan Athleticen aurkako klausularik ezarriko ote duen ala ez. Bere iritziz, egun lehen taldean dauden kontratuetan azaltzen diren etete-klausulak altuak dira, eta, hain zuzen ere, Iñigo Martinezen kontratuaren azken berriztatzean taldeko garaienetakoa ezarri zitzaion.

Athletici buruz, saihetsi egin du kritikatzea, baina zalantzan jarri du haren filosofia, "Frantziako selekzioan jokatu nahi duen frantziar bat saldu dutela ikusi dugu aste honetan (Laporteri erreferentzia eginez) eta gero auzoko taldea kaltetu dute".