Itxi

Reala

Garaipena etxean

Realak mamuak uxatu ditu Levanteri aise irabazita (3-0)

Agentziak | Erredakzioa

Eusebioren taldeak arnasa hartu du Anoetan Xabi Prietok, penaltiz, Juanmik eta Canalesek egindako golei esker. Agirretxek partida osoa jokatu du, hasieratik. Prieto, berriz, lesionatu egin da.

  • Realeko jokalariak, Juanmiren gola ospatzen. Argazkia: Efe.

    Realeko jokalariak, Juanmiren gola ospatzen. Argazkia: Efe.

Realak lasaitasunerako garaipena lortu du Levanteri Anoetan 3 eta 0 irabazi ostean. Levantek ez die buruko minik eman donostiarrei eta valentziarrek lanak izango dituzte mailari eusteko, Anoetan emandako itxura eskasaren arabera.

Donostiarrek berehala bideratu dute partida, Eusebio Sacristan entrenatzailearen eta Anoetara joan diren zaleen lasaitasunerako.

Imanol Agirretxe hasierako hamaikakoan izan da, orkatilan lesio larria izan eta bi urte eta bi hilabeteren ostean. Aurrelaria korner bat errematatzen saiatu da, arean bultzada eman diote eta Latre Santiago epaileak penaltia adierazi du.

Zigorra Xabi Prietok jaurti eta sartu du. Kapitainak min hartu du jokaldi horretan eta handik gutxira zelaitik atera du Eusebiok, bere ordez Canales sartuta.

Eskumako aldetik egindako jokaldi batean, baloia Canalesi iritsi zaio, Juanmiri pase bikaina eman dio eta andaluziarrak Realaren bigarren gola egin du.

Canalesek partida erabakita utzi du

Txuri-urdinek 54. minutuan erabakita utzi dute norgehiagoka. Sergio Canales izan da protagonista. Baloia arean hartu du eta eskumako hankarekin indarrez eman dio Oier gainditu eta etxekoan hirugarrena egiteko.

Eta hortxe amaitu da partida. Realak ez dio min handiagorik egin izan nahi Levanteri, valentziarrek emandako irudi kaskarra ikusita eta ostegunean Europa Ligan neurketa garrantzitsua dutela kontuan izanda.

 

Fitxateknikoa

3.- Reala: Rulli; Odriozola (Gorosabel, 79. min), Elustondo, Navas, De la Bella; Illarramendi, Prieto (Canales, 11. min), Zurutuza; Juanmi, Oyarzabal (Zubeldia, 67. min), Agirretxe.

0.- Levante: Oier; Luna, Chema, Postigo, Coke (Rochina, 54. min); Campaña, Lukic (Roger, 46. min), Doukoure; Morales, Pazzini (Boateng, 58. min); Jason.

Epailea: Latre Santiago (Aragoiko batzordekoa).

Golak: 1-0, 10. min: Xabi Prieto, penaltiz. 2-0, 37. min: Juanmi. 3-0, 54. min: Canales.