Itxi

Reala

Ofiziala

Realak kargutik kendu du Asier Garitano eta Imanol Alguacil jarri du haren ordez

ERREDAKZIOA | EITB.EUS

Sanseko egungo entrenatzaileak hartuko du lehen taldea zuzentzeko adura hemendik aurrera.

  • Asier Garitano Realaren partida bat zuzentzen.

    Asier Garitanok ez du Realeko entrenatzailea izaten jarraituko. Argazkia: EFE

Realak Asier Garitano lehen taldeko entrenatzailearen kontratua etetea erabaki du, eta 2014tik Sanse entrenatzeko ardura duen Imanol Alguacil jarriko du haren lekuan. Hala adierazi du talde txuri-urdinak argitaratu duen ohar baten bidez.

Horrenbestez, Garitano aurtengo denboraldian Lehen Mailan kargugabetzen duten seigarren entrenatzailea da. Bergarako teknikariaren aurretik, Leo Franco (Huesca), Julen Lopetegui (Real Madril), Antonio Mohamed (Celta), Eduardo Berizzo (Athletic) eta Javi Calleja (Vila-real) izan ziren euren lanpostuetatik bota zituztenak.

Alguacilen itzulera

Alguacilek (47 urte, Orio) dagoeneko badaki zer den Realaren lehen taldea zuzentzea, zeregin horretan aritu baitzen joan zen denboraldi bukaeran Eusebio Sacristanen lekua hartu zuenean. Hain zuzen ere, 9 norgehiagokatan zuzendu zuen talde txuri-urdina, eta tarte horretan 19 puntu lortu zituen, bost partida irabazi, hiru galdu eta bat berdinduta

Nahiz eta ekainean Realak 2021era arte berritu zuen bere kontratua, bigarren taldera itzuli zen, ez baitzen Garitanoren egituran sartu.

Oriotarrak prestatu behar duen lehendabiziko neurketa urtarrilaren 6an Real Madrilen aurka jokatu beharrekoa izango da, eta, horretarako, Mikel Labakaren (laguntzaile teknikoa), Jon Ansotegiren (bakarkako lanak) eta Luis Llopisen (atezainen entrenatzailea) laguntza izango du.

Talde tekniko berria

Egitura teknikoa

Lehen entrenatzailea: Imanol Alguacil.
Laguntzaile teknikoa: Mikel Labaka.
Bakarkako lanak: Jon Ansotegi.
Atezainen entrenatzailea: Luis Llopis.

Egitura prestatzailea

Prestatzaile fisikoa: David Casamichana.
Prestatzaile fisiko indibiduala: Iñigo Almandoz.

Egitura emozionala

Coacha: Imanol Ibarrondo.

Analisiaren egitura

Analista: Beñat Labaien.
Atezainen saileko arduraduna: Iñaki Ulloa.

Osasun eta errendimendu egitura

Saileko arduraduna: Alain Sola.