Itxi

Reala

Akordioa

Realak Alex Remiroren fitxaketa adostu du 2023ra arte

EITB.EUS

Atezain nafarra askatasun agiriarekin iritsiko da Donostiara uztailaren 1etik aurrera.

  • Alex Remiro Athleticen elastikoarekin

    Alex Remiro Athleticen elastikoarekin. Artxiboko argazkia: EFE

Realak jakitera eman duenez, akordioa lortu du Alex Remiro atezainarekin 2019ko uztailaren 1etik aurrera talde txuri-urdinera hel dadin. Jokalaria askatasun agiriarekin iritsiko da, eta 2023ko ekainaren 30era arte sinatuko du donostiarrekin.

Remiroren aurkezpena uztailaren hasieran izango dela aurreratu du Realak.

Cascanteko atezainak (1995) bere herriko taldean ekin zion futboleko jardunari, eta han egon zen Athleticek kadete mailan fitxatu zuen arte. Zuri-gorrien harrobiko hainbat maila gainditu ostean, bilbotarren bigarren taldera iritsi zen. Gerora, 2016an, Levantera joan zen utzita; alabaina, lau neurketa besterik ez zituen jokatu bertan, eta neguko merkatuan Athleticera bueltatu zen.

2017ko udan, utzita joan zen berriro, eta, kasu horretan, Huesca izan zen bere helmuga. Aragoiko taldean zorte gehiago izan zuen, eta titular gisa jardun zuen denboraldi guztian zehar (41 partida). Hartara, Remirok zerikusi handia izan zuen talde aragoitarrak Lehenengo Mailara igotzea lortzearekin.

Athleticek lehen talderako berreskuratu zuen 2018/2019 denboraldirako; aitzitik, ez zuen talde zuri-gorriarekin zeukan kontratua berritu nahi izan eta jokatu gabe igaro du sasoi guztia, Berizzoren zein Gaizka Garitanoren aginduetara.

Denborak aurrera egin ahala, bere etorkizuna Realean izango zuela zioten hainbat informazio zabaldu ziren, azkenerako egi bihurtu direnak, Realak gaur egin duen adierazpen ofizialarekin. Dena dela, ezingo du Realarekin kontraturik sinatu uztailera arte.

Remiroren ailegaerarekin Realak hiru atezain ditu bere lehen taldean. Beste biak Geronimo Rulli argentinarra eta Miguel Angel Moya balearra dira.