Itxi

Reala

0-4

Realak porrot mingarria jaso du Uniteden aurka eta kanporaketa ia erabakita geratu da

A. B. | EITB Media

Talde txuri-urdinak 0-4ko emaitzarekin galdu du Uniteden kontra jokatu duen Europa Ligako final-hamaseirenetako joaneko partida.

  • Reala - Manchester United

    Bruno Fernandes (Manchester United) Realari sartu dion gol bat ospatzen. Argazkia: EFE

Realak porrot mingarria jaso du Manchester Uniteden aurka (0-4) Turinen jokatu duen UEFA Europa Ligako final-hamaseirenetako joaneko partidan eta kanporaketa ia erabakita geratu da.

Neurketako lehen minutuan izan du lehen zatiko abagune bakarra Realak, baina Januzajen jaurtiketa oso gutxigatik kanpora joan da, langa urratuta. Ondoren, ordea, Alex Remiro atezainak Manchester Uniteden gola eragotzi du, Rashforden errematea desbideratuta. Geroago, 16. minutuan, Remirok beste gol bat eragotzi du, McTominayren jaurtiketa geldituta. Pixkanaka, gero eta nagusiago izaten hasi da Manchester United, eta 19. minutuan berriro Realeko atezaina izan da protagonista Rashfordi beste gelditu bat eginda. Ingalatterako taldearen nagusitasunak saria jaso du 26. minutuan; Remiro eta Zaldua ez dira ondo elkar ulertu, eta Bruno Fernandesek 0-1ekoa sartu du.

Gola jaso ostean, Reala ezinean ibili da. Manchester United izan da baloiaren jabe, norgehiagoka kontrolpean izan du, eta gol bateko abantailarekin joan da atsedenaldira talde bisitaria.

Bigarren zatiari hobeto ekin dio Realak. Erasokorrago zelairatu da talde txuri-urdina, baina ez du abagune argirik sortu. Baloiaren jabe izan da Reala hasierako minutuetan, baina Unitedek kontraerasoa antolatu du 57. minutuan, eta Bruno Fernandesek 0-2koa jarri du markagailuan, Jamesen pasea jaso ostean.

Beste gol bat jasotzeak min handia egin dio Realari. Imanol Alguacilek zuzentzen duen taldea galduta ibili da, eta Manchester Unitedek hirugarren gola sartu du 65. minutuan; Rashfordek pase luzea jaso, eta 0-3koa sartu du.

Partidako azken txanpan hobeto ibili da talde txuri-urdina. Gol bat sartzea zuen helburu Realak azken minutuetan, baina laugarrena sartu duena Manchster United izan da, Jamesen bidez (0-4), 89. minutuan.

Fitxa teknikoa:

0.- Reala: Remiro; Zaldua (Gorosabel, 72. min), Le Normand, Zubeldia, Monreal; Illarramendi (Guevara, 73. min), Merino, Silva; Januzaj (Portu, 80. min), Oyarzabal (Jon Bautista, 86. min) eta Isak (Barrenetxea, 80. min).

4.- Manchester United: Henderson; Wan Bisaka, Bailly, Maguire, Telles; Scot MTominay (Matic, 59. min), Fred, Gçreenwood (Diallo, 83. min); Bruno Fernandes (Mata, 83. min), Daniel James eta Rashford.

Golak: 0-1, 26. min: Bruno Fernandes. 0-2, 57. min: Bruno Fernandes. 0-3, 65. min: Rashford. 0-4, 89. min: James.

Epailea: Sandro Scharrer (Suitza). Txartel horiak atera dizkie Le Normand Realeko jokalariari, baita Wan Bisaka Manchester Unitedeko futbolariari.