Reala
LESIO BERA
Carlos Fernandez berrio lesionatu da ezker bizeps femoraletik
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Sevillarrak Rayo Vallecanoren aurkako lagunartekoan zelaia min hartuta utzi behar izan zuen. Bere itzulera zen Sevillaren aurkako Santander Ligako neurketako 10. minutuan lesionatu ondoren.
-
Carlos Fernandez Rayo Vallecanoren aurkako partidan. Argazkia: EFE
Carlos Fernandez eta Beñat Turrientes, min hartuta, ez dira astelehen honetan entrenamenduetara itzuli, larunbatean jokatutako lagunartekoaren ondoren. Momo Chok, Reale Arenako berdegunea berriro zapaldu zuenak bi hilabete jokatu gabe egon ondoren, eta Mikel Merinok ere ez dute entrenatu.
Donostiako klubak jakitera eman duenez, Carlos Fernandezek kolpea du ezker izterrean, eta gainera, berriro lesionatu da ezker bizeps femoraletik. Azaroaren 9an Sevillan min hartu ondoren, larunbateko hitzordua bere itzulera zen.
Ez da aurten lesio hori duen lehen aldia, izan ere, denboraldiaurrean ere izan zuen (abuztuaren 13an), liga hasieraren bezperan, eta lehiaketatik kanpo egon zen lehen 6 jardunaldietan. Andaluziarra Europa Leagueko Sheriffen aurkako partidan itzuli zen, urriaren 6an, eta gauza bera egin zuen ligan asteburu berean (urriaren 9an), Vila-realen aurka.
Beñat Turrientesek, bestalde, beroketa ariketak hasi zituen, baina zelaia utzi behar izan zuen partida hasi baino lehen. Klubak baieztatu du lesio bat duela eskuin muskulu zuzen femoralean.
Bere bajak Sadiq Umarren, Ahien Muñozen, Ander Barrenetxearen eta Mikel Oyarzabalen ohiko bajekin eta Take Kuborenarekin (hilaren 19an itzuliko da Munduko Txapelketa jokatu ondoren) bat egin dute.
Reala bigarren eta azken lagunartekoa prestatzen ari da ostiral honetan (20:45) Leeds Uniteden aurka Ellan Roaden. Hurrengo konpromiso ofiziala abenduaren 21ean izango da, Kopako bigarren kanporaketan, Extremadurako Coria taldearen aurka.