Futbola
F LIGA
Reala-Athletic, bi helburu, puntu premia bera
EITB MEDIA
Bolada kaskarrean helduko dira Reala eta Athletic Reale Arenako derbira. Azken aste luzeetan garaipen bana baino ez dituzte eskuratu (Realak 7 partidetatik bat eta Athleticek 9 partidetatik bat) eta egoera iraultzeko gogoz helduko dira bi taldeak.
-
Athleticen eta Realaren arteko derbia San Mamesen. Artxiboko argazkia: EFE
Reale Arenak F Ligako Realaren eta Athleticen arteko euskal derbia hartuko du igande honetan. Gipuzkoarrak eta bizkaitarrak ez dira denboraldi onena egiten ari eta sailkapenean aldea badago ere, emaitza kaskarrak kateatzen ari dira bi taldeak. Partida ETB1en eta eitb.eusen ikusi ahalko da 12:00etatik aurrera.
Lehen itzuliko partidan 1-3 nagusitu ziren Natalia Arroyok zuzendutako neskak. Partida horretan Amezagak sartu zuen etxekoen gol bakarra. Kanpokoenak, berriz, Amaiur Sarriegik eta Gabyk (2 gol sartu zituen) erdietsi zituzten.
Bi taldeak garaipen gosez eta beharrez helduko dira derbira. Azken asteetako bolada txarra iraultzeko asmoz eta gutxinaka Liga amaiera lasaia izateko bidean pausoak emanez.
Txuri-urdinek azken 7 partidetatik bakarra irabazi dute. 22. jardunaldiko Alavesen aurkako derbia izan zen azkena eta, nahiz eta hiru puntuak eskuratu, bot gol jaso zituen Natalia Arroyoren taldeak. Joan den jardunaldian, berriz, Levanteren aurkako porrot mingarria jasan zuten. Lehen zatian 0-0 berdinduta, 4-1 galdu zuten donostiarrek. Gauzak horrela, 9. postuan daude 30 punturekin, igandean aurkari izango duten Athleticen aurretik, baina bederatzi puntuko aldearekin.
Athleticek, bestalde, azken 9 partidetatik garaipen bakarra eskuratu du. Sporting Huelva garaitu zuen Iraia Iturregiren taldeak 2-3ko emaitzarekin. San Mamesen jokatu zuten ligako azken partida lehoiek eta luzapenean sartutako penalti batekin partida berdintzea lortu zuten Sevillaren aurka. Zuri-gorriak sailkapeneko 10. postuan daude eta jaitsiera postuak lau puntura dituzte. Argi dago, beraz, derbiko garaipenak garrantzia berezia duela Bilboko taldearentzat mailari eusteko bidean.
Athleticek gainera biziraupenerako berebiziko garrantzia duten partidak jokatu behar ditu ligako azken jardunaldietan; izan ere, lehiakide zuzenen aurka aritu beharko du: Alaves (25. jardunaldia), Alhama (26. jardunaldia), Levante Las Planas (27. jardunaldia), Betis (28. jardunaldia) eta Vila-real (30. jardunaldia). Hori gutxi balitz, 29. jardunaldian Bartzelonaren aurka jokatu beharko du.
Realaren Liga amaiera ere ez da samurragoa izango. Donostiako taldeak mailari eusteko borrokan egongo diren taldeak eta goiko postuengatik borrokan ari diren taldeak izango baititu parean.
Iraia Iturregik eta Nerea Eizagirrek garrantzia handia eman diote derbiari. Zuri-gorrien entrenatzaileak "defentsan sendo egon eta erasoan ausartak" izan beharko dutela azpimarratu du. Nerea Eizagirrek, bestalde, "denboraldi amaierara sentsazio onekin heltzeko garaipena eskuratu" nahi dutela adierazi du.