Reala
Reale Arenan
Realak Txapeldunen Ligako final-zortzirenetan sartu nahi du, Benficari etxean irabazita
Agentziak | Erredakzioa
Portugaldarrei irabazi eta Interrek Red Bull Salzburgoren aurka beste horrenbeste egitea behar dute txuri-urdinek, multzoen fasea bukatzeko bi jardunaldiren faltan sailkapena ziurtatzeko.
-
Realeko jokalariak, Txapeldunen Ligan egindako gol bat ospatzen. Argazkia: Efe.
Realak eta Benficak indarrak neurtuko dituzte bigarrenez aurtengo Txapeldunen Ligan, D multzoko partida erabakigarrian. Bi taldeek helburu eta dinamika ezberdina dute; donostiarrek final-zortzirenetarako pasea ziurtatu nahi dute, portugaldarrek aldiz, hil ala biziko erreakzioa.
Txuri-urdinek Bartzelonaren aurka Ligan izandako porrotaren haserrea gogoan dutela zelairatuko dira, baina multzoen fasean izaten ari diren errendimendu bikaina ahaztu gabe. Jokoan izan dituzten bederatzi puntuetatik zazpi irabazi dituzte, eta multzoko liderrak dira.
Imanolek, ziurrenik, asteburuko baja berak izango ditu: Kieran Tierney eta Andre Silba deialditik kanpo dira lesioen ondorioz, eta Jon Pachecok ez du gainditu iskiotibialean duen gainkarga. Ander Barrenetxea ere zalantza da goizeko entrenamenduan aritu ez delako.
Matematikak argi daude. Realak Benfikari irabaziz gero, eta Interrek Salzburgoren aurka beste horrenbeste eginez gero, donostiarrak final-zortzirenetan sartuko dira multzoen fasea amaitzeko bi jardunaldi falta direnean. Kasu horretan, sari potoloa italiarrekin multzoko liderrak izateagatik lehiatzea izango litzateke. Benficaren aurkako partida berdinduz gero, Realak multzoko sailkapenean gutxienez hirugarren izatea ziurtatuko luke, eta horrek Europa Ligako final-hamaseirenetarako txartela emango lioke.
Lisboako taldea estu eta larri dabil, jokatutako partidak galdu egin ditu gol bakar bate ere sartu gabe. Portugaldarrek ezinbestekoa dute Reale Arenan garaipena lortzea.
Ustezko hamaikakoak:
Reala: Remiro; Traore, Zubeldia, Le Normand, Aihen; Zubimendi, Merino, Brais; Kubo, Oyarzabal eta Barrenetxea.
Benfica: Trubin; Morata, Antonio Silva, Otamendi; João Mario, João Neves, Fredrik Aursnes, Florentino; Angel Di Maria, Rafa, Gonçalo Guedes.
Epailea: Anthony Taylor (Ingalaterra).
Estadioa: Reale Arena.
Eguna eta ordua: Asteazkena, 18:45ean.