Reala
Erregina Kopa
Realak, Reale Arenak lagunduta, Erregina Kopako finalerako txartela lortu nahi du
EITB MEDIA
Natalia Arroyoren taldea Atletico Madril kanporatzen ahaleginduko da, finalerdietako itzuliko partidan, asteazkenean, 18:30etik aurrera. Joaneko 1-1ekoak aukera handiak ematen dizkio Realari. Neurketa EITBn izango da ikusgai, eitb.eus-en eta ETB1en bidez.
-
Nerea Eizagirre, aurrean, eta Amaiur Sarriegi, joaneko golaren ostean. Argazkia: EFE.
Realak 2023-24 denboraldiko Erregina Kopako finalerako txartela lortu nahi du asteazkenean, 18:30etik aurrera, Reale Arenan, Atletico Madril aurkari. Talde txuri-urdinak historian bigarren aldiz jokatu nahi du Erregina Kopako finala, eta zale guztien babesa izango du helburu handi hori lortzeko, finalerdietako itzuliko partidan. Aurreko astean Alcala de Henaresen jokatutako joaneko neurketako 1-1eko emaitzak dena utzi zuen zabalik, eta Realak, hortaz, eskura du finala. Norgehiagoka EITBn izango da ikusgai, zuzenean, eitb.eus-en eta ETB1en bidez.
Realak egun historikoa nahi du bizi, eta 2018-19 denboraldiko finala du gogoan; orduan, Granadan, talde txuri urdinak finalerdi honetako aurkari bera izan zuen, Atletico Madril hain zuzen ere, eta Kopa Donostiara ekarri zuen Realak, finala 2-1 irabazita.
Amaiur Sarriegi joaneko neurketan sartutako gol ederra izan liteke giltzarria; izan ere, Realak asteazkenean irabaziz gero, garaipena lortzekotan, finalerako sailkatzea erdietsiko luke. Edozein berdinketa egongo balitz, ordea, luzapena izango litzateke.
Orain arte, 2023-24 denboraldian, Realak bi aldiz jokatu du Atletico Madrilen aurka, bietan bisitari gisa, eta bi neurketa horietan emaitza bera izan da: banakoa. F Ligan, Atletico Madril bosgarren postuan dabil, eta Realak baino zortzi puntu gehiago ditu; txuri-urdinak zortzigarren tokian dabiltza.
Arestian esan bezala, eitb.eus-ek eta ETB1ek zuzenean emango dute partida, 18:30etik aurrera.