Itxi

Txapeldunen Liga

3. JARDUNALDIA

Bartzelonak eta Liverpoolek etxetik kanpo irabazi dute

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Kataluniarrek garaipena lortu dute Slaviaren etxean (1-2), baina euren jokoak zalantzak sortu ditu. Ingelesak, berriz, Genk baino gehiago izan dira (1-4).

  • Messi, Arthur eta Luis Suarez

    Messi, Arthur eta Luis Suarez. Argazkia: EFE

Bartzelonak Txapeldunen Ligako final-zortzirenetara sailkatzeko bidea erraztu du Slavia Pragaren etxean lortutako garaipenarekin (1-2), eta F multzoko buru da bakarka; alabaina, Ernesto Valverderen taldeak zalantza asko azaldu ditu bere jokoan.

Ostera, egungo txapeldunak ahalmen handia erakutsi du Belgikan, Genkek apenas egin ahal izan baitio aurre. Alex Oxlade-Chamberlainek erakustaldia eman du neurketan zehar bi gol sartuta, horietako bigarrena, aparta. Manek eta Salahek egin dituzte ingelesen beste bi golak (1-4). Hartara, gorriak Napolirekin borrokatu beharko dira E multzoko lehen postua lortzeagatik.

Izan ere, Carlo Ancelottik zuzentzen duen taldeak 2 eta 3 gainditu du Salzburgo, nahiz eta txapelketako orain arteko golegile nagusiak, Erling Braut Haaland norvegiarrak, bi gol sartu dituen gaur ere austriarren mesedetan (sei daramatza dagoeneko hiru jardunalditan). Italiarren aldetik, berriz, Dries Mertens (2) eta Lorenzo Insigne (1) izan dira golegileak.

Valentziak, bere aldetik, aukera bikaina alferrik galdu duH multzoko aurkaririk ahulena izan daitekeenaren aurka, hau da, Lille. Cheryshevek jarri du aurretik Valentziako taldea, baina norgehiagokako luzapenean, valentziarrak dagoeneko jokalari bat gutxiagorekin jokatzen ari zirela (epaileak Diakhaby kanporatu du), zigorra heldu da. 95. minutuan, Ikonek eskuinkada geldiezina bota du, eta, gol horren bidez, Ajaxek eta Chelseak bi puntura aldendu dute sailkapenean Celadesen taldea.

3. jardunaldiko emaitzak E, F, G eta H multzoetan:

E multzoa

Genk 1-4 Liverpool [Odey (88') | Oxlade-Chamberlain (2' eta 57'), Mane (77') eta Salah (87')]
Salzburgo 2-3 Napoli [Haaland (40' eta 72') | Mertens (17' eta 64') eta Insigne (73')]

F multzoa

Inter Milan 2-0 Borussia Dortmund [(Lautaro Martínez (22') eta Candreva (89')]
Slavia Praga 1-2 Bartzelona [Jan Boril (50') | Messi (3') eta Olayinka, bere atean (57')]

G multzoa

Leipzig 2-1 Zenit [Laikmer (49') eta Sabitzer (59') | Rakitskiy (25')]
Benfica 2-1 Lyon [Rafa Silva (4') eta Pizzi (86') | Memphis Depay (70')

H multzoa

Ajax 0-1 Chelsea [Batshuayi (86')]
Lille 1-1 Valentzia [(Ikone (94') | Cheryshev (63')]