Txapeldunen Liga
3. jardunaldia
Barçak ezin du kale egin Dinamo Kieven aurka
A. B. E. | EITB Media
Bartzelonak garaipena behar du talde ukrainarraren aurka jokatuko duen multzoen faseko hirugarren jardunaldiko partidan, bestela aurrera egiteko aukerak murriztu egingo baitzaizkio. Vila-realek ere puntu premia du, eta Young Boys izango du aurkari.
-
De Jong eta Dembele. baloiarengatik lehian Bartzlonaren entrenamenduan. Argazkia: EFE
Asteazken honetan jokatuko dira Txapeldunen Ligako multzoen faseko E, F, G eta H multzoetako taldeen partidak. Jardunaldia Salzburg – Wolfsburg eta Bartzelona – Dinamo Kiev neurketek irekiko dute, 18:45ean. Gainerako norgehiagokak 21:00etan hasiko dira.
Barça E multzoko azken sailkatua da 0 punturekin eta garaipena behar du Dinamo Kieven (puntu 1) aurka Camp Noun jokatuko duen partidan, aurrera egiteko zailtasunak ez izateko. Multzo honetako beste partidan sailkapenean bigarren den Benficak (4 puntu) Bayern Munich (6 puntu) liderra hartuko du Lisboako Da Luz estadioan.
Puntu premian dagoen beste taldeetako bat da Vila-real. Unai Emeryk zuzentzen duen taldea F multzoko azken postuan dago puntu bakarrarekin eta Young Boysi (3 puntu) egingo dio bisita. Old Trafforden, Manchester United (3 puntu) eta Atalanta (4 puntu) ariko dira nor baino nor.
G multzoan Sevillak (2 puntu) Lilleri (puntu 1) egingo dio bisita, eta Salzburgek (4 puntu) etxean jokatuko du Wolfsburgen (2 puntu) kontra.
Bestalde, Juventusek (6 puntu) H multzoko lidergoa indartu nahi du Zeniten (3 puntu) aurka San Petesburgon (Errusia) jokatuko duen neurketan. Chelseak (3 puntu), aldiz, Juveren aurka jasotako porrota ahaztu nahi du, Malmören (0 puntu) kontra garaipena lortuta Stamford Bridgen (Londres).