Itxi

Txapeldunen Liga

Txapeldunen Liga

PSGk 0-1 irabazi dio Arsenali, Txapeldunen Ligako finalaurrekoetako joanekoan

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Luis Enriqueren taldea 0-1 gailendu zitzaion Mikel Artetarenari, Londresen, Ousmane Dembéléren gol batekin.

  • Arsenal eta PSGren arteko partidako irudia

    Arsenal eta PSGren arteko partidako irudia. EFE

Paris Saint-Germainek Mikel Artetaren Arsenal mendean hartu zuen asteartean, 0-1, Txapeldunen Ligako finalaurrekoetako joaneko neurketan, Ousmane Dembélé frantziarrak laugarren minutuan sartutako gol bati esker. Horrenbestez, Luis Enriquek gidatzen duen taldeak abantaila horrekin ekingo dio itzuliko hitzorduari, Parisen; Arsenalek, ostera, aurkako emaitza irauli beharko du, finalerako aukeraren bat izateko.

PSGk neurketa hasi eta berehala hartu zuen aurrea markagailuan. Laugarren minutuan, Ousmane Dembélék baloia Khvicha Kvaratskheliari pasa zion bandara; jarraian, hark berriz atzera aurrelariari utzi ostean, erremate gurutzatu batekin, baloia ate barrura bidali zuen.

Lehen ordu laurdena baino lehen, Marquinhosek David Raya PSGko atezainaren dohainak proban jarri zituen burukada batekin. Ondoren, 24. minutuan, Jakub Kiwiorek izan zuen Arsenalen lehen gol-aukera garbia, baina Gianluigi Donnarummak geratu zuen, arazorik gabe.

Apurka-apurka, etxekoak estutzen hasi ziren lehen zatiaren azken minutuetan. Batetik, Bukayo Sakak eta, bestetik, Gabriel Martinellik Donnarumma lanean jarri zuten. Aldageletatik bueltan, 47. minutuan, Mikel Merinok neurketa berdindu zuen, baina epaileak bertan behera utzi zuen gola, jokoz kanpo egoteagatik.

Norgehiagokako 70. minutuan, Dembélék zelaia utzi behar izan zuen, min hartuta, eta Bradley Barcola zelairatu zen haren ordez. Gonçalo Ramosekin pareta bikaina egin ostean, bigarren gola barkatu zuen Barcolak, jaurtiketa gurutzatuegi joan zelako. Huts eta batekoak Pariseko itzulikora abantailarekin joatea ahalbidetu die Luis Enriqueren taldeari, astebete barru.

FITXA TEKNIKOA

-HAMAIKAKOAK:

ARSENAL (0): Raya; Timber (White, 83. min), Saliba, Kiwior, Lewis-Skelly; Rice, Merino, Odegaard (Nwaneri, 90. min); Saka, Martinelli; eta Trossard.

PARIS SAINT-GERMAIN (1): Donnarumma; Achraf Hakimi, Marquinhos, Pacho, Nuno Mendes; Neves (Zaïre-Emery, 89. min), Vitinha, Fabian; Doue (Gonçalo Ramos, 76. min), Kvaratskhelia; eta Dembélé (Barcola, 70. min).

-GOLAK: 0-1, 4. min: Dembélé.

-EPAILEA: Slavko Vincic (SLO). Arsenaleko Trossardek (10. min) eta Sakak txartel horia ikusi zuten (43. min) eta Achraf Hakimiri (44. min) eta Joao Nevesi (46. min) PSGtik.

-ZELAIA: Emirates Stadium.