Itxi

Motorra

Argentinako Euskal Etxean

Dakar rallyko geldialdi batean, 'Gernika bat' eman du Livingstonek

ERREDAKZIOA

Munduan euskal etxe gehien daukan herrialdea Argentina bada ere, Txilen eta Bolivian ere badaude, eta horietara ere eramango ditu Corcuerak.

  • Ignacio Corcuera, Rally Dakar.

    Ignacio Corcuera, Rally Dakar.

Argentinako Cordobako Gure Txokoa euskal etxeak Gernikako arbolaren kimu bat landatuko du, Gernikako arbolaren oinordeko zuzena genetikoki, laster hasiko dituen berritze-lanen harian. Argentinan zeharkatzen duen Dakar rallyan parte hartzen ari dela aprobetxatuta, Ignacio Corcuera “Livingstone” bilbotarrak “mezulari” lanak egin ditu eta Gernikako haritzaren kimu bat eraman die.

Bizkaiko Batzar Nagusiek emanda eta egiaztatuta eta Aldundiaren mendekoa den Basalan foru enpresak zainduta, euskal askatasunen ikur hori Cordobako euskal etxeko bazkide bati eman zion gidari bizkaitarrak joandako astean. Dakar lasterketaren edizio honetan ere bakarrean gidatzen ari da Corcuera, eta modalitate horretan hiru aldiz parte hartu duen Estatuko lehenengo pilotua da.

Ibilbidean zehar beste bi tokitan ere utziko ditu landareak Corcuerak. Munduan euskal etxerik gehien daukan herrialdea Argentina da (mundu guztian 162 euskal etxe dagoz, horietako 76 Argentinan), baina Txile eta Boliviako euskal etxe bitara ere eramango ditu landareak. Txilen 1943an sortutako Valparaíso-Viñako euskal etxera eramango du, eta Bolivian (bertan ez dago euskal jatorriko horrenbeste etorkin) oraindik zehaztu barik dago zein euskal etxetan utziko duen.