kirolak
Neurri berriak
Kirol federatuaren itzulera
A. A. | EITB Media
Eusko Jaurlaritzak ontzat eman du kirol jarduera federatuei berrekitea urtarrilaren 11n argitaratutako dekretu berriaren bidez.
-
Saskibaloiko baloia. Argazkia: EFE
Joan den urtarrilaren 11n Euskadiko Babes Zibileko Planaren (LABI) Aholku Batzordeak hartutako neurri berrien artean, kirol federatua berriro martxan jartzea dago.
Hala, Eusko Jaurlaritzak argitaratutako dekretuak jasotzen duenez, kirolari federatuek entrenatu eta lehiatu ahal izango dute azken 14 egunetan covid-19aren kasu positiboen tasa metatua 100.000 biztanleko 500 baino gutxiago duten udalerrietan.
Aitzitik, 100.000 biztanleko 500 baino gehiagoko tasa metatua duten udalerrietan, lehiaketa profesionalean edo erdi-profesionalean murgilduta dauden taldeetako kirolariek baino ezin izango dira lehiatu.
Azaltzen duenaren arabera, federazio bakoitzari edo lehiaketa bakoitzaren ardura duten erakundeei dagokie prebentzio-neurriak eta -protokoloak zorrotz betetzen direla zaintzea.
Halaber, dekretuan zehazta da kirolari federatuek bizi diren udalerritik kanpo entrenatu ahal izango dutela, baldin eta bertako intzidentzia-tasa metatua 500 baino txikiagoa bada.
Tasa hori handiagoa izatekotan, lehiaketa profesionalean edo erdi-profesionalean murgilduta dauden kirolariak bakarrik mugituko ahalko dira beren udalerritik kanpo entrenatzera, baita Basque Teameko kirolariak eta teknikariak zein goi-mailako kategorian katalogatutakoak ere.
Zein dira lehiaketa profesionalak?
Futbolean Santander eta SmartBank ligak eta saskibaloian Endesa Liga. Baita liga horietan parte hartzen duten taldeen nazioarteko lehiaketak ere.
Zein dira kirol lehiaketa erdi-profesionalak?
Egutegi ofizialeko estatuko eta nazioarteko lehiaketa ezberdinak, baita euskal federazioek antolatutako maila goreneko lehiaketak ere, horiek guztiak kategoria absolutuan. Kategoria absolutua baino lehenagokoetan, Estatuko edo nazioarteko lehiaketak ere sartuko lirateke.
Atal horretan barne hartzen dira ere kirol autoktonoen goreneko lehiaketak maila absolutuan.