Itxi

kirolak

Igande honetan (azaroak 14)

Behobia-Donostia bueltan da, 25.000 parte-hartzailerekin

EITB Media

Igande honetan, azaroaren 14an, lasterketa zuzenean jarraitu ahalko da ETB1en eta eitb.eus-en. Kirolariek musukoa derrigorrez erabili beharko dute irteeran eta helmugan. Irteerak txandaka egingo dira.

  • Behobia-Donostia 2021

    Behobia-Donostia 2021. Argazkia: EITB Media

Behobia-Donostia lasterketaren 56. edizioa igande honetan (azaroak 14) egingo da, eta 25.000 parte-hartzaile daude izena emanda. 2020an ez zen egin covid-19 koronabirusaren pandemiarengatik. Lasterketa zuzenean eskainiko dute ETB1ek eta eitb.eus-ek.

Aurkezpena astearte honetan egin da, Donostian. Iñigo Etxeberria eta Fernando Ibarreta arduradun nagusiek 2021eko Behobia-Donostiak izango dituen berritasunak azaldu dituzte. Aurten 2019an baino parte-hartzaile gutxiago egongo dira; izan ere, % 25 murriztu dute kirolarien kopurua. Gainera, covid-19a dela eta, kutsatzeak saihesteko neurriak hartu dituzte antolatzaileek.

Musukoa derrigorrezkoa izango da parte-hartzaile guztientzat irteeran eta helmugan. Irteerak txandaka egingo dira, eta kirolarien topalekua zen lasterketaren feria bertan behera utzi dute. Neurri horiek guztiak normalean sortzen direnak baino pilaketa handiagoak eragozteko hartu dituzte.

Lasterketa hau hirutan irabazi duen Carles Castillejo eta Raquel Lardin dira garaipena lortzeko faboritoak.