Arrauna
Azken prestaketak
Kaikuk garaipena eskuratu du Ondarroan eta San Pedrok Allotzen
Erredakzioa
San Pedrok lortu du Allotzeko urtegian burutu den Aritzalekuko lehen Bandera. Kaikuk, bestalde, aurreikuspenak bete ditu Ondarroan.
-
Kaiku artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE.
Arraun ligak hastera doaz eta talde guztiak azken prestaketak burutzen ari dira. Asteburu honetan arraunlariak Ondarroa eta Allotzeko urtegian bildu dira talde desberdinak nor baino nor gehiago lehiatzeko.
Kaiku nagusitu zen Ondarroako Banderan. Guztira, 13 ontzi lehiatu ziren erlojuaren kontrako proban eta ez zen ezusterik izan. Lehen hiru sailkatuak San Miguel Ligako ontziak izan ziren. Kaikuk egin zuen denborarik onena eta, horren ondoren, TKE Ligara, arraunketaren mailarik gorenera igo berriak diren bi ontziak helmugaratu ziren: Portugalete eta Zierbena.
‘Bizkaitarrak’ 20.08.40ko denbora egin zuen eta Portugaleteko ‘Jarrillerari’ 15 segundoko errenta atera zion. Zierbena hirugarren postuan sailkatu zen 43 segundora eta bere atzetik gelditu ziren Santurtzi, Ondarroa, Isuntza eta Hondarribia B.
Jose Luis Kortak zuzendutako arraunlariei, proba hasi aurretik, gainontzeko taldeen denborak ezagutu izanak abantaila eman zien. Sestaoko taldea bigarren postuan heldu zen ziabogara, baina hortik aurrera nagusi izan zen.
Bestalde, Nafarroako Allotzeko urtegian, Gipuzkoako arraun taldeen txanda izan zen. San Pedrok Hondarribia mendean hartu zuen lehia bizi batean. Baina, azkenean, San Pedro nagusitu zen. Orio eta San Juan atzetik gelditu ziren 8 eta 13 segundoko aldearekin.
Nesken kategorian Pasai Donibanek Aritzalekuko Campingeko lehen Bandera irabazi zuen Orio, Hibaika eta Hondarribiaren aurretik sailkatuz.
KAE Liga
Datorren igandean KAE Ligako taldeek euren indarrak neurtuko dituzte Elantxoben. Eguerdiko 12etatik aurrera egingo den XXV.eko Elantxobeko bandera eitb.com webgunean zuzenean ikusi ahalko da.