Binakakoa
Bizkaia pilotalekuan
Martinez de Irujok eta Zabaletak bide onetik jarraitzen dute (11-22)
Erredakzioa
Aspeko bikoteak erakustaldia eman du Bilboko Bizkaia pilotalekuan, eta 8-4ekoa irauli ondoren aise gainditu dituzte Olaizola II.a eta Zabala.
Martinez de Irujok eta Jose Javier Zabaletak garaipen bikaina lortu dute (11-22), 2013ko Binakako Txapelketako beste bikote indartsu baten aurka. Nafarroako bikoteak 8-4koa irauli egin dute, eta azkenean garaipen nahiko erraza eskuratu dute.
Aimar Olaizolak eta Ibai Zabalak aurreneko tantoetan agindu dute, eta Martinez de Irujo eta batez ere Zabaleta, ez dira eroso egon (8-4). Hala ere, Iberoko aurrelariak eta Etxarrengo atzelariak erantzun ederra eman dute (8-7), eta Zabalaren akats argi baten ondoren, berdinketaren tantoa lortu dute (8-8).
Urdinek markagailua irauli dute (8-10), baina Olaizola II.ak eta Zabalak partidan sartuta jarraitu dute (10-11). Ibai Zabalak akats erabakigarriak egin ditu atzealdean, eta Aspeko pilotariek markagailuko aldea handitu dute (10-14).
Juan Martinez de Irujok eta Jose Javier Zabaletak Bizkaia pilotalekuan sendo jarraitu dute (10-16), eta Asegarcekoak ezinean aritu dira (10-19). Nafarroako bikoteak 11-21ekoa lortu du, eta garaipen bikaina eraman du Bilbotik (11-22).
Bestalde, Logroñoko Adarragan jokatutako partidan, Titinek eta Merino IIak ezustean galdu dute Arretxe II eta Beginoren aurka, 19 eta 22.