Itxi

X-deportes_campeonato parejas-X

X-deportes_campeonato parejas-X

Binakakoa

13. JARDUNALDIA

Finalerdietarako azken tokia, erabakitzeke

eitb.eus

Artola-Mariezkurrena eta Altuna-Martija bikoteen artean erabakiko da finalerdietan izateko da azken txartela.

  • Artola eta Altuna

    Artola eta Altuna. Argazkia: ETB

Jokin Altunak eta Julen Martijak 22-15 irabazi zieten Iñaki Artola eta Jon Mariezkurrenari, igandean, Tolosako Beotibarren, Binakako Txapelketari zegokion 13. jardunaldiko azken norgehiagokan.

Garaipen horri esker (jarraian lortzen duten laugarrena), oraindik ere finalerdietarako ligaxkan izateko aukerak dituzte; aitzitik, galdu izan balute, dagoeneko kalean leudeke.

Horrenbestez, aipatu bi bikote horien artean erabakiko da zein izango den txapelketako hurrengo fasean jardungo duen laugarren bikotea; izan ere, beste hirurak sailkatuta daude jada: Elezkano II.a-Rezusta, Irribarria-Zabaleta eta Olaizola II.a lesionatuaren ordez Albisurekin batera arituko den aurrelaria (itxura guztien arabera, Victor).

Datorren asteburuan, ligaxkako azken jardunaldia jokatuko da. Hiru neurketatan zerbait izango da jokoan, laugarrenean, ordea, ezer ez. Laugarren hori izango da, hain zuzen ere, jokatuko den lehena. Ostiralean izango da, Oñatin, eta bertan Urrutikoetxea-Aretxabaleta eta Elezkano II.a-Rezusta bikoteak arituko dira.

Larunbatean, aldiz, Ezkurdiari eta Galarzari egin beharko diete aurre Artolak eta Mariezkurrena II.ak, Iruñean. Altunaren eta Martijaren txanda, ordea, igandean iritsiko da, Donostiako Atano III.a pilotalekuan. Bengoetxea VI.a-Imaz bikotea izango dute aurkari.

Bestalde, larunbatean, Ataunen, Victorrek eta Albisuk Irribarriaren eta Zabaletaren kontra jokatuko duten partidak ere berebiziko garrantzia izan dezake. Hain justu ere, zortzi garaipen izan ditzaketen hiru bikoteren arteko berdinketa egon baitaiteke azkenean. Hori gertatuz gero, hiru bikote horien arteko zuzeneko norgehiagoketan izandako emaitzak begiratu beharko lirateke zein bikote sailkatuko litzatekeen argitzeko.

Honako hauek dira aukera posibleak:

Artolak eta Mariezkurrena II.ak nahitaez irabazi behar dute euren partida. Hala eginez gero, eta igandean Altuna III.ak eta Martijak galduko balute, lehenak sailkatuko lirateke.

Horrez gain, Artolak eta Mariezkurrena II.ak garaipena eskuratu eta, larunbatean bertan, Ataunen jokatuko den lehian Irribarria-Zabaleta bikotea gailenduko balitz, kasu horretan ere Artolak eta Mariezkurrenak egingo lukete aurrera.

Gainerako aukera guztiek Altuna eta Martijari egiten diete mesede. Aspeko bikotea hurrengo fasean egon liteke, nahiz eta euren neurketa galdu; alabaina, aldi berean, irabazita ere kanpoan geratzea gerta liteke.

2019KO BINAKAKO TXAPELKETAKO SAILKAPENA

13. jardunaldia

BIKOTEA IRABAZITA TANTOAK ALDE TTANTOAK KONTRA +/-
1. Elezkano II.a - Rezusta 9 249 202 +47
2. Irribarria - Zabaleta 8 263 203 +60
3. Olaizola II.a - Albisu 8 248 234 +14
4. Artola - Mariezkurrena II.a 7 235 229 +06
5. Altuna III.a - Martija 7 242 242 0
6. Ezkurdia - Ladis Galarza 6 234 239 -05
7. Bengoetxea VI.a - Imaz 4 202 253 -51
8. Urrutikoetxea - Aretxabaleta 3 202 273 -71