Itxi

X-deportes_campeonato individual-X

X-deportes_campeonato individual-X

Buruz Burukoa

FINAL-LAURDENETAKO LIGAXKA

Altunak markagailua irauli behar izan du Dariori irabazteko (22-19)

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Amezketakoa 13-19ko markagailuari buelta emateko gai izan da, eta final-laurdenetako ligaxkako A multzoko lider jarri da.

1:35
Jokin Altuna Darioren aurkako garaipena ospatzen

Jokin Altuna Buruz Buruko egungo txapelduna, garaipenarekin estreinatu da 2022ko txapelketan, gorriak ikusi dituen arren Dario Gomez errioxarra 22 eta 19 gainditzeko, Bilboko Bizkai Frontoian jokatu den final-laurdenetako ligaxkako lehen jardunaldian

Indartsu hasi da Altuna III.a (4-1), baina ondoren gora-beherak izan dira markagailuan (4-5, 9-6, 9-11). Une horretan, Ezcaraykoak estu hartu du txapelduna bere sakearekin, eta 13-19 jarri da agintzen.

Bazirudien txapelketako lehen ezusteko handia gertatzear zegoela. Alabaina, Dariok huts egindako dejada batek sakea itzuli dio gipuzkoarrari, eta hortik aurrera, Amezketakoak ez dio aukera gehiagorik eman aurkariari.

Bata bestearen atzetik, txapeldunak bederatzi tanto egin ditu jarraian, partida gogor bati amaiera emateko (347 pilotakada eta 67 minutu), eta pilotalekuko zaleak zutik zeudela amaitu da partida, bi pilotariak kantxa gainean etzanda zeudela (22-19).

Markagailua horrekin, Altuna Buruz Buruko honetako A multzoko lider jarri da, final-laurdenetako ligaxkako lehen jardunaldiko beste partidan Joseba Ezkurdiak Jose Javier Zabaletari irabazi baitzion (22-21), larunbatean, Iruñean.

B multzoari dagokionez, Erik Jakak 22-14ko emaitzarekin irabazi zion Beñat Rezustari ostiralean, Bergaran. Beste neurketa, berriz, astelehenean jokatuko dute, , Iñaki Artolak eta Unai Lasok, Zumaian.