Itxi

X-deportes_campeonato individual-X

X-deportes_campeonato individual-X

Buruz Burukoa

Finala, Bizkaia pilotalekuan

Aimar Olaizolak Buruz Buruko bere hirugarren txapela eskuratu du

Erredakzioa

Goizuetako pilotariak erakustaldia eman du Bizkaia pilotalekuan, eta Martinez de Irujo 22-7 gainditu du. Olaizola II.ak Buruz Buruko hirugarren txapela lortu du.

02:29
Olaizolak erakustaldia eman eta finala irabazi dio Irujori (22-7)

Aimar Olaizolak 22-7 gainditu du Juan Martinez de Irujo 2012ko Buruz Buruko txapelketako finalean. Goizuetako pilotariak erakustaldia eman du Bizkaia pilotalekuan, eta Buruz Buruko bere hirugarren txapela lortu du. Ia akatsik gabeko partida jokatu du Olaizola II.ak Irujoren aurka, eta Iberoko aurrelaria ernegatu egin da. Aimar Olaizolak Buruz Buruko txapelak 2005ean eta 2007an lortu zituen, eta Miribillan hirugarrena jantzi du.

Goizuetakoak indartsu hasi du norgehiagoka, eta markagailuan 4-0ekoa jarri du. Hala ere, Martinez de Irujok, partida 5-5 berdinduta, erantzun bikaina eman du. Iberoko pilotaria aurrenekoz markagailuan goitik jarri da, eta 5-7koarekin partidaren kontrola bereganatu du.

Olaizola II.ak berriro agindu du kantxan, eta markagailua irauli egin du (8-7). Hiru tanto garrantzitsu lortu ditu jarraian (11-7) Asegarcekoak, eta Martinez de Irujok atsedenaldia eskatu behar izan du. Hala ere, atsedenaldiaren ostean, Aimarrek 12-7koa jarri du.

Oso gustura izan da Aimar Olaizola Bilboko Bizkaia pilotalekuan, eta Juan Martinez de Irujok ezin izan ditu Goizuetakoaren pilotakadak jaso. Aspeko aurrelariari, 15-7koarekin, aldapa gora jarri zaio finala. Olaizola II.ak beste bi tanto garrantzitsu irabazi ditu (17-7), eta Irujok beste atsedenaldi bat eskatu behar izan du.

Iberoko pilotaria ezinean ibili da atsedenaldiaren ostean, eta Aimar Olaizolak 19-7koa ezarri du. 20-7koarekin Buruz Buruko txapela oso gertu izan du Goizuetarrak. Asegarceko aurrelaria zuzenean joan da 22. tantora, eta bere Buruz Buruko bere hirugarren txapela jantzi du Miribillan.