Itxi

X-deportes_campeonato individual-X

X-deportes_campeonato individual-X

Buruz Burukoa

Ostiralean hasiko da

2023ko Buruz Burukoa aurkeztu dute; Zabaletak eta Rezustak ezingo dute jokatu

EITB MEDIA

Elordik eta Elezkano II.ak ordezkatuko dituzte. Asteburuan, final zortzirenak jokatuko dituzte, Lekeition, Bastidan, Ezkarain eta Tolosan; jarraian, final laurdenetako ligaxka hasiko da, eta jardunaldi bakoitzean hainbat atsedenaldi egongo dira. Finala ekainaren 4rako dago aurreikusita, Bilbon.

1:51
2023ko Buruz Buruko Txapelketa

Jose Javier Zabaleta (Binakako Txapelketa irabazi berri du) eta Beñat Rezusta Aspeko pilotariek ezingo dute jokatu 2023ko Buruz Buruko Txapelketan. Asteazkenean aurkeztu dute txapelketa hori, Gesaltza Añanan, eta ostiralean, hilaren 7an, hasiko da, Lekeition, hain zuzen ere. Aitor Elordik eta Danel Elezkanok ordezkatuko dituzte Zabaleta eta Rezusta. Asteburuan, astelehenera bitartean, final zortzirenak jokatuko dituzte, Lekeition, Bastidan, Ezkarain eta Tolosan; jarraian, final laurdenetako ligaxka hasiko da, eta jardunaldi bakoitzean hainbat atsedenaldi egongo dira. Hamabi pilotari lehiatuko dira txapela janzteko; finala ekainaren 4rako dago aurreikusita, eta Bilbon jokatuko dute.

Hala, 2023ko Buruz Burukoa ostiralean hasiko da, apirilaren 7an, Lekeition, Santi Brouard pilotalekuan, Mikel Urrutikoetxea eta Aitor Elordiren arteko kanporaketarekin. Bizkaiko herri horretan jokatuko dute final zortzirenetako lehen norgehiagoka, eta final zortzirenetako kanporaketak ondorengo hiru egunetan ere jokatuko dituzte: larunbatean, Bastidan, Elezkano II.a eta Iñaki Artola arituko dira nor baino nor gehiago; igandean, Ezkarain, Dariok eta Aitor Arangurenek jokatuko dute; eta astelehenean, Tolosan, Peio Etxeberria eta Jon Alberdiren arteko kanporaketak zehaztuko du nortzuk diren final laurdenetarako sailkatuko diren pilotariak.

Final laurdenetako fase horretan, 2022an bezala, ligaxka izango da. Pilotariak bi multzotan banatuko dituzte; lehenengoan, Unai Laso eta Jokin Altuna izango dira, baita Lekeition eta Bastidan jokatuko dituzten kanporaketetako irabazleak ere (Urrutikoetxea edo Elordi eta Elezkano II.a edo Artola); bigarren multzoan, Joseba Ezkurdiak eta Erik Jakak bermatuta dute tokia, eta haiekin batera arituko dira Dario edo Aranguren eta Peio Etxeberria edo Alberdi. Aurtengo nobedadea da jardunaldi bakoitzean atsedenaldiak izango direla; horrela, asteburu bakoitzean, lau partida programatu beharrean, bi edo hiru programatuko dituzte. Ondorioz, pilotariek atsedenaldi luzeagoak izango dituzte partidatik partidara.

Final laurdenetako ligaxka amaituta, finalerdietan, multzoetako bi irabazleak beste multzoko bigarren sailkatuaren aurka arituko dira nor baino nor gehiago. Finalaurrekoan garaipena eskuratzen duten pilotariek finalerako txartela lortuko dute. Partida horretan, ekainaren 4an, jakingo dugu nork eskuratzen duen, 2023an, Unai Lasok aurreko urtean bikain irabazi zuen txapela. Aurretik, maiatzaren 28an, hirugarren posturako neurketa izango da.

Arestian esan bezala, Zabaleta azken orduko baja da; izan ere, eskuin eskuko atzamar bat apurtu zaio astearteko entrenamenduan. Beñat Rezusta, bere aldetik, ez dabil ehuneko ehunean Buruz Burukoa jokatzeko.

2023ko Buruz Burukoa

Final laurdenak:

Ostirala, apirilak 7, Lekeition: Urrutikoetxea vs Elordi

Larunbata, apirilak 8, Bastidan: Elezkano II vs Artola

Igandea, apirilak 9, Ezkarain: Dario vs Aranguren

Astelehena, apirilak 10, Tolosan: Peio Etxeberria vs Alberdi

Final laurdenak:

A multzoa: Laso, Altuna III.a, Lekeitioko irabazlea eta Bastidako irabazlea. Apirilaren 15ean, 23an, 29an eta 30ean eta maiatzaren 12an eta 13an jokatuko dituzte partidak.

B multzoa: Ezkurdia, Jaka, Tolosako irabazlea eta Ezkaraiko irabazlea. Apirilaren 14an, 16an, 21ean eta 22an eta maiatzaren 6an eta 7an jokatuko dituzte partidak.

Finalerdiak: Maiatzaren 20an eta 21ean

Hirugarren posturako partida: Maiatzaren 28an

Finala: Ekainaren 4an