Itxi

X-deportes_cuatro y medio-X

X-deportes_cuatro y medio-X

Lau t'erdikoa

Labriten eta Ogetan

Laso - Peio Etxeberria eta Altuna - Ezkurdia, Lau t'erdiko finalerdietako partidak

A. B. E. | EITB Media

Unai Laso eta Peio Etxeberria urriaren 30ean (larunbata) ariko dira nor baino finalerako txartelaren bila Labriten. Jokin Altunak eta Joseba Ezkurdiak Ogetan jokatuko dute.

  • Ezkurdia eta Altuna

    Ezkurdia eta Altuna pilotarien arteko partida baten artxiboko irudia. Argazkia: EFE

Unai Laso - Peio Etxeberria eta Jokin Altuna - Joseba Ezkurdia izango dira Lau t'erdiko Txapelketako finalerdietako partidak. Lasoren eta Etxeberriaren arteko norgehiagoka urriaren 30ean, larunbatean, jokatuko da Iruñeako Labrit pilotalekuan; bestalde, Ezkurdiak eta Altunak urriaren 31n (igandea) neurtuko dituzte indarrak Gasteizko Ogeta frontoian.

Finalerdietako bi norgehiagokak, larunbatekoa zein igandekoa, zuzenean eskainiko ditu EITB Mediak, ETB1en eta eitb.eus webgunearen bidez.

Jokin Altunak lortu zuen finalerdietarako azken txartela astelehenean, final-laurdenetako ligaxkako A multzoko hirugarren eta azken jardunaldian Oinatz Bengoetxea mendean hartuta (22-7). Altunak garaipena erdietsi zuen Elordiren kontra (22-17) final-laurdenetako ligaxkako lehen jardunaldian, eta galdu egin zuen Peio Etxeberriaren aurka (22-18) jokatu zuen bigarren jardunaldiko norgehiagoka. Bestalde, Joseba Ezkurdiak irabazi egin ditu final-laurdenetako neurketa guztiak, Laso (22-9), Urrutikoetxea (22-15) eta Jaka (22-20) pilotarien aurka.

Peio Etxeberriak Bengoetxea (22-8) eta Altuna (22-18) mendean hartu zituen final-laurdenetako lehen bi jardunaldietan, eta sailkapena eskuratuta zuela galdu egin zuen Elordiren aurka (22-15) jokatutako hirugarren jardunaldiko norgehiagoka. Etxeberriak aurkari izango duen Unai Lasok, aldiz, galdu egin zuen ligaxkako lehen partida Ezkurdiaren kontra (22-9); beste bi neurketetan, ordea, mendean hartu zituen Jaka (22-8, 2. jardunaldian) eta Urrutikoetxea (22-13, 3. jardunaldian).

Lau t'erdiko finalerdietako partidak:

Urriak 30, larunbata (17:00etan)

Unai Laso - Peio Etxeberria (Labrit, Iruñea)

Urriak 31, igandea (17:00etan)

Jokin Altuna - Joseba Ezkurdia (Ogeta, Gasteiz)