Pilota
BI URTEZ
Salaverri II.ak luzatu egin du Baikorekin zuen kontratua
EITB MEDIA
Atzelari errioxarrak beste bi urtez jarraituko du Bilboko enpresan.
-
Ruben Salaverri. Argazkia: EITBren bideo batetik hartutako irudia
Baiko Pilotak astearte honetan jakinarazi duenez, bi urtez berritu du Ruben Salaverrirekin zeukan lotura.
Errioxako atzelariak 2016ko irailean egin zuen debuta Logroñoko Adarragan, eta profesionaletan daramatzan sei denboraldietan hiru aldiz lortu du Promozioko Binakako Txapelketako finalera iristea. 2021ean, gainera, txapela bereganatu zuen Jon Alberdirekin batera bikotea osatuta.
Bilboko enpresak plazaratu duen oharrean Fuenmayorko pilotariak eskerrak eman dizkio bere enpresari "aukera berri honegatik", eta pozik azaldu da hurrengo bi urteetan "hobetzen jarraitzeko denbora" izango duelako.
Salaverri II.ak ostiral honetan bertan jokatuko du Ataunen Zubizarreta III.arekin batera, Elizegi ordezkatuta. Exposito-Bikuña bikotearen aurka arituko da Binakako Promozio Txapelketako sailkapen ligako laugarren jardunaldiko partidan.