Itxi

Pilota

Pilota

Pilota

12. JARDUNALDIA

Goikoetxea eta Etxetok bereganatu dute B multzoko lehen postua

B. L. G. | EITB MEDIA

Bi setetan gainditu zituzten Tambourindeguy eta Minvielle, eta Barandika eta Lekerika gernikarren aurka jardungo dute finalerdietan.

1:04

Goikoetxeak eta Etxetok hirugarren garaipena eskuratu zuten Eusko Label Jai Alai Winter Serieseko 12. jardunaldian, eta, ondorioz, B multzoko lidergoan amaitu dute ligaxka, Tambourindeguyri eta Minvielleri bi setetan irabazita (15-8, 15-9).

Bikote laranja lanak biribiltzeko asmoz heldu zen partidara; zuriz jantzitakoek, berriz, sailkapeneko azken postuan zeudela, eta Tambourindeguyren debutean lan ona egiteko gogotsu. Izan ere, aurrelari bidartarra Winter Serieseko ligaxkako azken jardunaldirako osatu zen belaunean izandako lesiotik. Ordurarte, Lekerika anaietako gazteenak ordezkatu zuen.

Lehen setaren hasieran, hutsegiteak medio, 3-0 jarri ziren aurretik laranjak. Hala ere, multzoko liderrek ere ez zuten txapelketako partida onena jokatu, eta egindako tantoak egon baziren ere, lehen zatian akatsak izan ziren protagonista. Atsedenaldia heldu aurretik 4-4, 5-5 eta 6-6 berdindu zuten. Laranjek bi tanto jarraian egin ostea heldu zen etenaldia (8-6). Dinamika onari heldu zioten aldageletatik bueltan faboritoek, eta zuriek bi tanto baino ez zituzten egin Goikok makina martxan jarri eta 15. tantora heldu zirenerako.

Bigarren jokoak lehenengoaren itxura izan zuen, baina laranjek lehenago hartu zioten neurria. Hala, Goiko eta Etxeto 3-0 aurretik jarri baziren ere, gero 3-3 eta 4-4ko berdinketak egon ziren. Aitzitik, hortik aurerra, 4-0eko segida batekin, atsedenaldirako seta apurtu zuten laranjek (8-4). Hutsartea eta gero, zuriek bost tanto egitea lortu arren, ez zuten bikote laranja urduritu eta 15-9ko emaitzarekin eman zioten amaiera setari eta partidari.

Horenbestez, Goiko-Etxeto bikoteak Barandika-Lekerika bikote gernikarra izango dute aurrez aurre otsailaren 6an jokatuko den finalerdietako norgehiagokan. Etxeko bikoteak 7 puntu bildu ditu, bi garaipeni esker, A multzoko bigarren postua eskuratzeko balio iza zietenak, Erkiaga eta Zabala, iazko txapeldunak garaituta.